Itxi

Saskibaloia

EUROKOPA

Lointek Gernikak agur esan dio Europari Turkian (69-40)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zortzi jokalarirekin ekin dio partidari talde bizkaitarrak BElen Arrojoren azken orduko bajagatik, eta CBK Mersinen etxean ezin izan dio eutsi joaneko neurketan lortutako 24 puntuko aldeari.

1:10
Lointek Gernikak agur esan dio Europari (69-40)

CBK Mersin eta Lointek Gernika Bizkaia taldeek Eurokopako play-offetako bueltako partida jokatu dute Turkian.

Bizkaiko taldeak 83-59 irabazi zuen Malosteko pabiloian; beraz, 24 puntuko abantailarekin egin dio aurre partidari. Halere, jipoi handiagoa jaso du Turkian, 29 puntuko aldearekin galdu baitu (69-40).

Mario Lopezen taldeak zortzi jokalarirekin bakarrik ekin dio partidari, Belen Arrojoren azken orduko bajarengatik. Granadako jokalariak positibo eman du PCR proba batean, nahiz eta aurretiko test guztietan (Istanbulen bertan egindako bat barne) negatibo izan den, Lointek berak jakinarazi duenez. Horren ondorioz ezin izan du neurketan parte hartu.

Epaileen lana etxekoen mesederako izan da lehen laurdenean, eta horren eraginez eta saskira begira kamuts aritu direlako 23-6 galtzen joan da Gernika lehen hamar minutuak amaitu eta gero. Bigarren laurdena ere antzeko bidetik joan da, eta lehiako 12. minutua heldu denerako, turkiarrek kanporaketa orekatzeko gai izan dira (30-6). Atsedenaldira 42-15eko emaitzarekin heldu dira. Jipoi handia bizkaitarrentzat.

Hala eta guztiz ere, azken laurdenean, Lointek Gernika esnatu egin da, eta aldea murriztu eta kanporaketa berdintzeko gai izan da (64-40). Aitzitik, azken minutuan, berriro ere aldea handitu du CBK Mersinek (69-40), eta, ondorioz, Turkiako taldeak egingo du aurrera txapelketa honetan.

Fitxa teknikoa

69.- Cukurova BK Mersin (23+19+20+7): Jasmine Thomas (15), Tiffany Hayes (9), Quanitra Hollingsworth (10), Asena Yalcin (3), Temi Fagbenie (8) —hasierako taldea—; Shavonte Zellous (6), Yvonne Turner (4) eta Kristine Anigwe (14).

40.- Lointek Gernika (6+9+12+13): Roselis Silva (3), Rosó Buch (13), Angela Bjorklund (4), Melisa Brcaninovic (6), Tinara Moore (10) —hasierako taldea—; Itziar Ariztimuño (2), Paula Ginzo (2) eta Marta Alberdi (-).

Partzialak: 23-6, 42-15 (atsedenaldia), 62-27 eta 69-40 (amaiera).

Epaileak: Franko Gracin (Kroazia), Kirile Tvauri (Georgia) eta Margarita Petrenko (Errusia).