Itxi

Saskibaloia

TXAPELDUNA

Zornotzak Zilarrezko LEB Kopa irabazi du lehenengoz, Sant Antoni taldeari gailenduta (66-64)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bizkaiko taldea 14 puntuz galtzen joan da, baina bere zaleen aurrean partida iraultzeko gai izan da.

  • Teknei Zornotza ST taldeko jokalariak garaipena ospatzen garaikurrarekin

    Teknei Zornotza ST taldeko jokalariak garaipena ospatzen garaikurrarekin. Argazkia: @CompeticionFEB

Teknei Zornotza ST taldeak bere lehen Zilarrezko LEB Kopa irabazi du larunbat honetan, Sant Antoni Ibiza Feeling taldeari 66-64 irabazita, atsedenaldira iritsi baino lehenago 14 puntugatik galtzen joan eta gero.

Balearretako taldeak 0-5eko abantailarekin hasi du partida, eta Matija Bilalovic kroaziarraren eskutik nagusi izan da lehen partzialean (10-17). Gainera, errenta hori areagotu egin du atsedenaldirako (24-35), nahiz eta 20-34 ere irabazten joan den.

Bigarren zatian, Mikel Garitaonaindiaren taldea lanean hasi da, eta markagailuko aldea murrizten joan da. Hala, hirugarren laurdena bukatzeko bi minuturen faltan, markagailuan aurretik jarri da lehen aldiz (44-41), hori bai laurden horren amaieran puntu bakarreko aldea islatzen zuen markagailuak (46-45).

Norgehiagoka parekotasun fase batean sartu da orduan, baina 49an berdinduta egon ostean (32. minutua) Zornotzak martxa bat gehiago jarri dio finalari garaikurra eskuratzeko bidean, Jordi Grimau azken txanpari zirrara jartzen tematu den arren.

Izan ere, eskolta katalan beteranoaren hiruko batek 66-64koa ezarri du amaieratik 35 segundora, eta Grimauk berak azken jaurtiketa bat huts egin du bozinaren azken soinuarekin batera.

Zornotzan CB Canariasek utzita jokatzen ari den Alberto Cabrera ) izan da finaleko jokalaririk baliotsuena (14 puntu, 8 errebote eta 6 asistentzia 25 puntuko balorazioa). Balearren aldetik Bilalovic (14 puntu) eta Grimau (11) izan dira gehien nabarmendu direnak.

Hala, Zornotzaren garaipena 2001ean eratu zen txapelketa hau bereganatzen duen laugarren euskal taldea da Bilbao Basket (2002), Gasteizko Araberri (2012) eta Azkoitia-Azpeitiko Iraurgi (2020 eta 2021) taldeen ondoren.