Saskibaloia
BERRITZEA
Dario Brizuelak beste hiru denboraldirako berritu du Unicajarekin
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jokalari donostiarrak 2026ko ekainera arte jarraituko du Andaluziako taldean.
-
DarIo Brizuela. Argazkia: EFE
Dario Brizuela Unicajako eskolta donostiarrak akordioa lortu du Malagako klubarekin 2026ko ekainera arte jarraitzeko, eta horrela zazpi denboraldi beteko ditu Andaluziako taldean.
Brizuela 2019ko abenduan iritsi zen Unicajara Movistar Estudiantesetik, eta geroztik Endesa Ligako zein Europako saskiratzaile handienetako bat bihurtu da.
Denboraldi honetan orain arte jokatu dituen 41 partidetan honako zenbaki hauek ditu, batez beste: 11,2 puntu, 2 asistentzia eta 9,3ko balorazioa. Aurten lortutako puntu kopuru handiena 27koa da, eta bi aldiz erdietsi du marka hori: PAOK Salonikaren aurka, Txapeldunen Ligan, eta Bartzelonaren aurka, 2023ko Errege Kopako final-laurdenetan.
Horrez gain, Dario Brizuela da Unicajako saskiratzaile onena Errege Koparen historian, 107 punturekin 7 partidatan. 2021eko final-laurdenetan sartu zituen partida bakarrean puntu gehien: 33.
Brizuelak Malagan jokatu dituen lau denboraldietan egindako zenbakiei dagokienez, Espainiako selekzioarekin Europako txapeldun izan denak 160 partida jokatu ditu, eta 12,73 puntu erdietsi ditu batez beste.