Itxi

Saskibaloia

Emakumezkoen Endesa Liga

Lointek Gernika eta IDK Euskotren garaile eta Kutxabank Araski eta Ardoi galtzaile 8. jardunaldian

EITB Media

Bizkaiko taldeak Zaragoza garaitu du (73-70) eta Gipuzkokoak Cadi La Seu (77-73); Nafarroakoak, aldiz, porrot egin du Kanaria Handiaren aurka (72-54) eta Arabakoak galdu egin du Celtaren aurka (71-63).

  • Lointek Gernikaren partidako irudia

    Lointek Gernikaren partidako irudia. Argazkia: @GKesb

Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek garaipena lortu dute larunbat honetan jokatu den Emakumezkoen Endesa Ligako 8. jardunaldian, eta Oses Construccion Ardoik eta Kutxabank Araskik porrot egin dute.

Lointek Gernikak bosgarren garaipena lortu du Ligan Zaragozaren aurka. Gernikako taldea jaun eta jabe izan da hasieratik, lehen laurden oso ona egin ostean, eta tarte erosoarekin heldu dira atsedenaldira (42-34). Hala ere, Zaragozak beldurra sartu dio Gernikari, hirugarren laurdenean partida iraulita 3 puntura jarri baita. Azkenean, alde horrekin irabazi du Lointekek, azken laurdeneko erreakzio onari esker (73-70).

IDK-k hirugarren garaipena lortu du Donostian, Cadi La Seu mendean hartuta. Partida parekatua izan da, bi taldeen arteko aldea txikia izan da partida osoan eta luzapenean erabaki behar izan dute irabazlea. Etxeko taldea une oro joan da aurretik, baina bisitariek markagailua berdindu dute azken laurdenean. Azken bost minutuetan, IDK atera da garaile (77-73).

Araskik eta Ardoik, aldiz, ez dute zorte bera izan. Celtari aurre egiten hasi da Gasteizko taldea, baina bigarren laurden txar batean, aurkariak ia puntu bikoitzak lortuta, 13 puntuko aldearekin joan dira atsedenaldira (43-30). Atsedenalditik bueltan, partidan sartu dira berriro, eta aldea 4 puntura murriztu dute partzial on pare bat eginda. Azken laurdenean, Galiziako taldea hobea izan da, eta partida irabazi du (71-63).

Nafarroako taldeak ere ondo hasi du partida Kanaria Handiaren etxean, baina, Araskiri bezala, bigarren laurden kaskarrak kalte egin dio, eta 12 puntu gutxiagorekin joan da atsedenaldira (39-27). Aldageletatik bueltan, lehia parekatuago izan da, baina ez da nahikoa izan markagailua iraultzeko, eta Ardoik seigarren porrota jaso du (72-54).