Saskibaloia
Neguko merkatua
Adut Bulgak IDK Euskotrenera itzuliko da
EITB MEDIA
Adut Bulgak 2016-2017 denboraldian aritu zen Donostian, eta azken urteetan hainbat taldetan jokatu du, Errusian, Israelen eta Frantzian, besteak beste.
-
Adut Bulgak. Argazkia: IDK Euskotren
IDK Euskotrenek iragarri du Adut Bulgak Donostiako taldera itzuliko dela, denboraldia amaitu arte. 2016-2017 denboraldian aritu zen bertan, eta azken urteotan hainbat taldetan ibili da.
Jatorriz Hego Sudangoa da, baina Kanadako nazionalitatea ere badauka. Klubak ohar baten bidez azpimarratu duenez, pibot handia (1,93 metro) eta indartsua da, eta batez besteko onak ditu, saskiratze kopuruari dagokionez.
Sei urterekin joan zen Kanadara bizitzera, eta Edmontongo O'Leary institutuan hasi zen saskibaloian. Floridako Unibertsitatean bi denboraldi on egin zituen (2014-2015), eta, horri esker, Emakumezkoen NBAra egin zuen salto, New York Liberty taldearen eskutik. Ameriketako Estatu Batuetako liga entzutetsu horretan zazpi partida jokatu zituen 2016an, eta urte horretan bertan, Koreako Shinhan Bank S-Birds taldeak fitxatu zuen.
2017an iritsi zen Donostiara, 16 partida jokatu zituen IDK Euskotrenekin, eta, batez beste, 12 puntu eta 9 errebote lortu zituen partidako.
Donostiatik Israelgo Elitzu Ramla taldera joan zen, eta azken sei urteotan, talde eta liga ezberdinetan aritu da: Nadezhda Orenburg (Errusia), Makabi (Israel), Libertadores de Queretaro (Mexiko), Toulouse Metropol Basket (Frantzia) eta Ardenetako Flammes Carolo Basket (Frantzia).