Saskibaloia
Endesa Liga
IDK Euskotrenen garaipena, eta Gernika, Araski eta Ardoi taldeen porrotak, Endesa Ligako 16. jardunaldian
EITB Media
Gipuzkoakoa izan da 16. jardunaldian garaipena bereganatu duen euskal talde bakarra. Zaragozari 76-72 irabazita, jaitsiera postuetatik irten da IDK Euskotren.
-
IDK Euskotreneko jokalariak, Zaragozaren aurka garaipena lortu ostean. Argazkia: @ibaetabasket
2024-2025 Endesa Ligako 16. jardunaldiak Euskal Herriko taldeen garaipen bakarra eta hiru porrot utzi dizkigu. IDK Euskotrenek soilik lortu du irabaztea; Lointek Gernika Bizkaiak, Kutxabank Araskik eta Oses Construccion Ardoik porrot egin dute.
IDK Euskotrenek garaipen garrantzitsua lortu du Casademont Zaragozaren aurka, 76-72. Horri esker, Donostiako taldea jaitsiera postuetatik irten da; orain, sailkapeneko 12. postuan da, jaitsierako puntuak zehazten dituzten taldeek baino garaipen bat gehiago lortuta.
Bestalde, Oses Construccion Ardoik ez du aukerarik izan Perfumerias Avenida liderraren kontra; Nafarroako taldeak 91-62ko emaitzarekin galdu zuen partida, eta sailkapeneko azkena da, orain arte hiru garaipen soilik eskuratuta.
Kutxabank Araski ere mailari eusteko lehian sartuta dago, bete-betean. Gasteizko taldeak galdu egin du Jairisen aurka (64-57), eta 11. postuan da, jaitsieran dagoen Ensino baino garaipen bat gehiagorekin.
Azkenik, Lointek Gernika Bizkaiak porrot egin du Movistar Estudiantesen aurkako lehian (74-55), eta play-off postuetatik atera da. Gernika-Lumoko taldea sailkapeneko 9. postuan da, 8 garaipen eta 8 porroteko balantzearekin.