Saskibaloia
Jokalari berria
Kutxabank Araskik Iva Slonjsak fitxatu du denboraldia amaitu arte
EITB MEDIA
Kroaziako hegalekoa Frantziako Villeneuve-d'Ascq taldetik iritsiko da Gasteizera. Besteak beste, Frantziako Liga, Euroliga eta Eurocup txapelketetak jokatu ditu talde horrekin.
-
Kutxabank Araskik Iva Slonjsak fitxatu du denboraldia amaitu arte Argazkia: @Araski
Kanpoaldeko jokoa indartzera datorrela azaldu du Kutxabank Araskik. Izan ere, Laura Aliagaren bajak utzitako hutsunea betetzeko iritsi da hegaleko kroaziarra Gasteizko taldera. Frantziako ESB Villeneuve-d'Ascq taldetik dator, eta Frantziako Liga, Euroliga eta Eurocup jokatu ditu talde horrekin.
Iva Slonjsak (1997-04-16) Zagrebeko ZKK Tresnjevkan hasi zuen bere ibilbidea 2011n. Bere jaioterrian, lau denboraldiz egon zen Esloveniako ZKK Athlete Celjera jauzi egin aurretik. ZKK Athlete Celjeran 2019ra arte egon zen, eta Euroligako eta Eurocupeko hainbat partida jokatu zituen talde horrekin. Ondoren, Turkiako Elazig II Ozel Idare taldeak fitxatu zuen, eta denboraldi bat egin zuen Kroaziara itzuli aurretik.
2020-2021 denboraldiaren hasiera ZKK Ragusa Dubrovnikekin egin zuen, baina azaroan Frantziako Union Saint-Amand taldeak fitxatu zuen erasoko erreferentzietako bat izateko. Angers taldean denboraldi bat egin zuen ondoren, Frantziako maila goreneko Union Saint-Amand taldera itzuli aurretik. Udan, kroaziarrak Villeneuve-d'Ascq taldearekin sinatu zuen, eta 22 partida jokatu ditu bertan.
Gainera, Iva Slonjsak Kroaziarekin aritu da nazioartean. Izan ere, Kutxabank Araskiren hegaleko berria bere selekzioaren erreferenteetako bat da erasoan. 2025eko Eurobasketera sailkatzeko partidetan, batez beste, 15,8 puntu lortu, 3,8 errebote hartu eta 4 asistentzia eman zituen, eta jaurtitako hirukoen % 46,4 sartu zituen. 1,83 metro luze da, eta hegaleko zein eskolta gisa aritu daiteke.