Saskibaloia
Emakumezkoen Endesa Liga
Ardoi eta Lointek Gernika garaipenaren bidera itzuli dira, baina Araskik eta IDK Euskotrenek galdu egin dute
EITB Media
Ardoik Horizon Jairis garaitu du (83-81) eta Lointekek Cadi La Seu (72-66). Aitzitik, Ensinok Araskiri irabazi dio (66-57) eta IDK-k ezin izan du Estudiantes gainditu (76-67).
-
Ardoi vs Hozono Jairis. Argazkia: @FNBardoi
Oses Construccion Ardoi laugarren garaipenarekin atera da jaitsiera postuetatik, eta Lointek Gernika Bizkaia 6. postura igo da Emakumezkoen Endesa Ligan, 17. jardunaldian garaile atera ondoren. Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek, aldiz, porrot egin dute.
Ardoi atzetik hasi zen Horizon Jairisen aurkako partidan ostiralean, baina Nafarroako taldeak hirugarren laurden bikaina egin, eta azkenean garaipena lortu zuen jaitsiera postuetatik ateratzeko (83-81).
Lointek Gernikak, bere aldetik, Cadi La Seu gainditu du (72-66). Bizkaiko taldeak 10 puntu gehiago sartu ditu bigarren zatian, eta laurden hori funtsezkoa izan da partida irabazteko, gainerakoak oso parekatuak izan baitira.
Bestalde, Araskik ezin izan du Ensino gainditu (66-57). Gasteizko taldeak oso gaizki ekin dio partidari, lehen laurdenean sei puntu bakarrik lortu baititu. Atsedenaldirako markagailua makillatzea lortu arren, aldageletatik bueltan egindako akatsek porrota ekarri diote.
Azkenik, IDK-k ere ezin izan du emaitza positiborik atera Estudiantesen aurkako partidan (76-67). Gipuzkoako taldea lehen laurdenean bakarrik izan da nagusi; hortik aurrera, baina, behera egin du, eta, azkenean, galdu egin du.