Saskibaloia
Emakumeen Endesa Liga
Azken segundoan gailendu zaio Kutxabank Araski IDK Euskotreni, salbaziorako derbian (71-72)
G. P. A. | EITB MEDIA
IDK Euskotrenek eta Kutxabank Araskik partida oso lehiatua jokatu dute, eta Sami Hillek neurketaren hondarrean sartutako hirukoarekin erabaki da. Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak 75-57 irabazi dio Joventut Badalonari, eta Oses Construccion Ardoik 68-83 galdu du Ferrolen kontra.
-
IDK Euskotren vs Kutxabank Araski. EITB Media
Kutxabank Araskik 71-72 irabazi dio IDK Euskotreni Donostiako Josean Gasca pabilioian gaur jokatu den Endesa Ligako partida. Derbia oso parekatua eta emozio handikoa izan da. Azken segundoan erabaki da, Sami Hillek sartutako hiruko ikusgarriarekin.
Horrela, bada, Araskik urrats garrantzitsua eman du jaitsierako postuetatik ateratzeko borrokan, eta IDKri aurrea hartu dio sailkapenean. Bi taldeak 32 punturekin daude, 13. eta 14. tokietan, hurrenez hurren, zulotik bi puntura, baina Azu Muguruzaren neskak bolada txarra eten ezinda dabiltza.
Bi taldeek asko zuten jokoan, biak ala biak baitaude mailari eusteko borrokan murgilduta, eta hori asko nabaritu da kantxan.
Norgehiagoka erabat lehiatua eta parekatua izan da hasieratik. Lehendabiziko bi jokoak hiru puntuko aldearekin amaitu dira, eta atsedenaldira berdinduta joan dira bi taldeak (38-38).
Gehien nabarmendu diren jokalariak IDK-ko Becky Massey eta Araskiko Sami Hill izan dira.
Bigarren zatian, Made Urietaren neskak gaizki hasi dira, eta IDK-k abantaila hartu du markagailuan, ordura arteko parekotasuna hautsita, defentsan lan ona eginda eta erasoan asmatuta. Horrela, bederatzi puntuko zuloa egin dute.
Edonola ere, Arasakik ez du amore eman, eta azken laurdenean hainbat puntu pilatu ditu jarraian. Horrenbestez, neurketa azken zatian erabaki da, eta azken bost minutuak emozio eta tentsio handikoak izan dira.
Gasteizko taldeak emaitza iraultzea lortu du, Marta Hermidak hirukoa eginda (67-69), amaierarako 2 minutu eta 30 segundoren faltan. Handik gutxira, baina, Lola Pendadek berriro jarri du aurretik IDK (71-69). Eta dena erabakita zegoela ematen zuenean, azken segundoetan, Sami Hillek hirukoa sartu du, garaipena Araskiri emateko.
Salbaziorako euskal derbia ikusgarria izan da. Araskik indarra hartu du gorako bideari ekiteko; Azu Muguruzaren taldeak, berriz, kolpe handia jaso du, eta gainbeheran dagoela berretsi da.
Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak eta Construccion Oses Ardoik ere gaur goizean jokatu dituzte euren partidak.
Bizkaiko taldeak 75-57 irabazi dio Joventut Badalonari, Malosten, eta Iruñeko taldeak, berriz, 68-83 galdu du Ferrolen aurka, etxean.
Horiek horrela, Lointek zazpigarren postuan kokatu da, eta Ardoik sailkapeneko azkena izaten segitzen du.