Itxi

Saskibaloia

Berritzea

Laura Westerikek Lointek Gernikarekin berritu du, 2025-26 denboraldirako

EITB MEDIA

Jokalari herbeheretarra, 26 urtekoa bera, 2024an iritsi zen Bizkaiko taldera, IDK Euskotrenetik. 2024-25 denboraldian, batez beste, partidako 9,4 puntu sartu ditu, 4,2 errebote hartu, eta 2,3 asistentzia eman.

  • Westerikek gutxienez 2026ra arte jokatuko du Lointek Gernikan. Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia.

    Westerikek gutxienez 2026ra arte jokatuko du Lointek Gernikan. Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia.

Laura Westerikek Lointek Gernika Bizkaiarekin berritu du, 2025-26 denboraldirako, Bizkaiko taldeak astelehenean iragarri duenez. Jokalari herbeheretarra, 26 urtekoa bera, 2024an iritsi zen Bizkaiko taldera, IDK Euskotrenetik; eskoltak, 2024-25 denboraldian, batez beste, partidako 9,4 puntu sartu ditu, 4,2 errebote hartu, eta 2,3 asistentzia eman.

1,76 metroko jokalariak 2022-23 denboraldian egin zuen debuta Endesa Ligan, Embutidos Pajariel Bembibre taldean; handik fitxatu zuen IDK Euskotrenek. Herbehereetako selekzioarekin aritzen da, eta, bere herrialdeko Ligan ez ezik, Alemanian, Portugalen eta Italian ere jokatu du.

Lointek Gernikak argitaratu duenez, Laura Westerik "oso eskertuta" agertu da klubeak jarraitzeagatik: "Iaz, asko gozatu nuen kantxa barruan zein kanpoan. Gainera, denboraldia biribildu ezin izan genuen sentsazioarekin amaitu nuen, kanporaketetatik kanpo geratu ginelako; horregatik, 2025-26 denboraldian, Kopa jokatzeaz gain, Ligako play-offak jokatu nahiko nituzke", nabarmendu du.