Saskibaloia
OFIZIALA
Naia Zubiagak Lointek Gernika Bizkaian jarraituko du datorren denboraldian
Agentziak | EITB Media
Azken egunotan, lau iragarpen egin ditu Bizkaiko taldeak datorren denboraldiari begira: Ane Olaeta gernikarraren eta Laura Westerik herbeheretarraren kontratu berritzeak, eta Angela Salvadores asturiarraren eta Emily Bessoir alemaniarraren fitxaketak.
-
Naia Zubiaga. Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia
Lointek Gernika Bizkaiak jakinarazi du Naia Zubiaga harrobiko jokalariak datorren denboraldian ere lehen taldean jarraituko duela, Lucas Hernandez entrenatzailearen esanetara.
"Iaz, jauzi handia eman nuen, eta minutu gutxi jokatu arren, asko ikasi dut entrenamenduetan. Gainera, familiaren eta lagunen babesa daukat, eta taldekideek ere asko lagundu didate", adierazi du Gernikaren harrobian hazitako jokalariak.
Zubiagaren jarraipena baieztatu aurretik, Lointek Gernikak beste lau iragarpen egin ditu azken egunotan datorren denboraldiari begira: alde batetik, Ane Olaeta gernikarraren eta Laura Westerik herbeheretarraren kontratu berritzeak, eta, bestetik, Angela Salvadores asturiarraren eta Emily Bessoir alemaniarraren fitxaketak.
Bajei dagokienez, jokalari hauek ez dute taldean jarraituko: Awa Fam eta Elena Buenavida (Valentzia Basketera itzuliko dira, lagapena amaitu baita); Maya Dodson, Kendra Chery, Irati Etxarri, Marta Alberdi eta Itziar Ariztimuño kapitaina.