Saskibaloia
Endesa Liga
Iva Slonjsak jokalariak Kutxabank Araski utzi du
EITB Media
Kroaziako jokalariak ez du Kutxabank Araskin jarraituko 2025-2026 denboraldian. Urtarrilean fitxatu zuen Gasteizko taldeak Laura Aligaren hutsa betetzeko. Ordutik, 14 partida jokatu ditu, eta oso garrantzitsua izan da taldearen erasoko jokoan.
-
Iva Slonjsak. Argazkia: Araski
Iva Slonjsakek ez du Kutxabank Araskin jarraituko datorren denboraldian. Kroaziako jokalaria urtarrilean iritsi zen Gasteizko taldera Laura Aliagaren baja betetzeko.
Fitxatu zutenetik, Arabako taldearen erasoko jokalari garrantzitsuenetako bat izan da; horrez gain, haren ekarpena erabakigarria izan da Araskik mailari eustea lortzeko.
Slonjsek 14 partida jokatu ditu taldearekin, neurketako batez beste 25 minutu jokatuta. Hegalekoak, batez beste 10,4 puntu eta 3,3 errebote lortu ditu norgehiagokako. Gainera, hiruko jaurtitzaile trebea izan da, jaurtitako hirukoen % 41 saskiratuta.
Klubak eskerrak eman dizkio Iva Slonjsaki Araskin eman dituen hilabeteetan egin duen lanagatik, eta onena opatu dio etorkizunerako.