Itxi

Saskibaloia

Endesa liga

IDK Euskotrenek Hannah Jump fitxatu du, eta Lointek Gernika Bizkaiak, Masa Jankovic

EITB Media

Jump 24 urteko jokalaria da, nazionalitate bikoitza du (britainiarra eta estatubatuarra) eta hiruko jaurtiketetan aditua da. Jankovic hegaleko pibota, berriz, Perfumerias Avenidatik dator, eta batez beste 3,3 puntu eta 2,4 errebote lortu ditu Emakumezkoen Endesa Ligan.

  • Hanna Jump eta Masa Jankovic Argazkia: @ibaetabasket y @GKesb

    Hanna Jump eta Masa Jankovic Argazkia: @ibaetabasket y @GKesb

Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek fitxaketak iragarri dituzte ostiral honetan. Bizkaiko taldeak Masa Jankovic hegaleko pibot serbiarra fitxatu du Perfumerias Avenidatik. Gipuzkoakoak, berriz, osatutzat eman du taldea Hannah Jump joko-antolatzailea fitxatuta.

Masa Jankovic (Vrbas, Serbia, 2000-02-01) Lointek Gernika Bizkaia taldeko zazpigarren jokalaria da 2025/2026 denboraldirako. Hegal-pibota Perfumerias Avenidatik dator, eta batez beste 3,3 puntu eta 2,4 errebote lortu ditu aurreko denboraldian Endesa Emakumezkoen Ligan.

2021ean bere herrialdeko txapelduna izan zen Jankovic, eta Salamanca eta Errumaniako Sepsi taldeetan aritutakoa da Euroligan. Emakumezkoen Endesa Liga ezagutzen du, 2023/2024 denboraldian 17 partida jokatu zituelako Leganesekin, batez beste 7,8 puntu eta 4,5 errebote lortuta. Gainera, bi Eurobasket jokatu ditu bere herrialdeko selekzioarekin, hirugarrenerako deitu dute, eta iaz Parisko Olinpiar Jokoak jokatu zituen.

Hannah Jump

Bestalde, IDK Euskotrenen azken fitxaketa Hannah Jump da. 24 urteko jokalariak nazionalitate bikoitza du (estatubatuarra eta britainiarra), eta 1,83 metroko altuera. Stanfordeko unibertsitatean eman zituen lehen urratsak, eta batez beste jaurtiketen % 34,2 sartu zituen hiruko marratik. Stanforden jokatutako azken bi denboraldietan, 11 puntu eta 2 errebote egin zituen partidako, eta multzoko saskiratzaile nagusienetakoa izan zen.

Joan den denboraldian Turkiako Botassport Adanak fitxatu zuen, 8 partida jokatu eta batez beste 7,3 puntu lortu zituen bertan, partidako 21 minutu jokatuta. Britainiar selekzioarekin, eta Anna Montañana entrenatzaile espainiarraren aginduetara, Eurobasketerako sailkatzeko 4 partidak jokatu zituen, partidako 9,3 puntu lortu eta hiruko jaurtiketen % 39 gauzatu zituen.