1. Etapa
Gasteiz-Gasteiz
Schachmannek irabazi du Gasteizko erlojupekoa, eta 2025eko Euskal Herriko Itzuliko lehenengo liderra da
EITB MEDIA
64. Itzuliari hasiera eman dion 16,5 kilometroko banakako erlojupekoan, Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari alemaniarra izan da azkarrena. Joao Almeida (UAE) bigarren sailkatu da, irabazlearen denbora bera eginda, eta Florian Lipowitz (Red Bull-BORA) izan da hirugarrena, segundo batera.


Maximilian Schachmann Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari alemaniarrak irabazi du 2025eko Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapa, alegia, Gasteizen jokatu duten 16,5 kilometroko banakako erlojupekoa, astelehenean, eta, hortaz, 64. Itzuliko aurreneko liderra da. Schachmann izan da, hala, azkarrena lasterketari hasiera eman dion erlojupekoan; Joao Almeida (UAE) bigarren sailkatu da, irabazlearen denbora bera eginda, eta Florian Lipowitzek (Red Bull-BORA) eskuratu du hirugarren postua, segundo batera.
Schachmann, 31 urtekoa eta 2020ko eta 2021eko Paris-Nizako irabazlea bera, laugarren aldiz nagusitu da Itzulian; izan ere, 2019ko ekitaldian hiru etapa bereganatu zituen. Horietako bat beste erlojupeko batean erdietsi zuen, Zumarragan, 11,3 kilometro izan zituen horrek. Ziklista alemaniarra lau egunetan ibili zen maillot horia soinean; orain, Gasteizen, beste behin jantzi da horiz, eta, behintzat, asteartean eraman ahalko du, Iruñean hasi eta Lodosan amaituko den jardunaldian.
2025eko Itzuliaren lehen jardunaldiak, halaber, nabarmentzeko moduko beste hainbat kontu ere utzi ditu. Sailkapen nagusiko lehian egon nahi duten gizonen artean, Almeidak, Lidl-Trekeko Mattias Skjelmosek eta Daniel Felipe Martinezek (Red Bull-BORA) emaitza ona eskuratu dute. Almeidak, arestian esan bezala, oso gertu izan du atapa garaipena, Skjelmosek zortzigarren denborarik onena egin du, hamabi segundora, eta kolonbiarra hamabosgarren izan da, 23 segundora. Beste txirrindulari batzuk, ordea, ez dira espero bezain indartsu ibili; Movistarreko Enric Masek, esate baterako, minutu bat eta hamar segundo galdu ditu. UAEko Brandon McNultyk ere ezin izan du egin erlojupeko ona: estatubatuarra, espezialista bikaina bera, hogeita laugarren sailkatu da.
Euskal txirrindulariei dagokienez, Pello Bilbao nabarmendu da. Bahrain-Victoriuseko gernikarrak, bere egunik onena izan ez badu ere, hemeretzigarren sailkatu da, irabazlearekiko 26 segundora. Jon Izagirrek (Cofidis) hogeita seigarren tokia lortu du, Schachmannek baino 41 segundo gehiago baliatuta.
Itzuliak, hala, asteartean, bigarren etapa izango du jokoan. Iruñean hasiko da, eta, 199,8 kilometro eginda, Lodosan amaitu. EITBk zuzenean emango du, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, 15:05etik aurrera.