Itxi

5. Etapa

5. Etapa

5. Etapa

Itzulia 2023

Sergio Higuitak irabazi du Zornotzako etapa lehiatua

EITB MEDIA

Jonas Vingegaardek lider jarraitzen du Mikel Landarengandik 13 segundora. David Gauduk hirugarren postua mantendu du.

2:08
Sergio Higuita

Sergio Higuita Bora-hansgrohe taldeko txirrindulari kolonbiarrak irabazi du 2023ko Itzulia Basque Country lasterketako bosgarren etapa, Zornotzan hasi eta bukatu dena ostiral honetan.

Lehen kilometroetan egin dute ihes tropeletik Mattia Cattaneo eta Remi Cavagna Soudal Quick-Step taldeko txirrindulariek. Lau minututik gorako abantaila izan dute tropelarekiko. Pixkanaka, tropela iheslariekiko zuen desabantaila murrizten hasi da.

Hala, Belarrinagako mendatean, etapako azken igoeran, Cavagna geratu egin da eta Cattaneo bakarrik ibili da lasterketa buruan. Tropela, ordea, erritmo bizian zetorren, eta amaiera eman dio Cattaneoren ihesaldiari helmugarako 20,8 kilometro falta zirenean.

Etapako azken tarteko esprintean Vingegaardek segundo bateko gainsaria hartu du; Roman Gregoirek (Groupama-FDJ) bereganatu ditu hiru segundoak eta Mattias Skjelmosek (Trek-Segafredo) bi segundoko gainsaria poltsikoratu du.

Helmugarako zortzi kilometro falta zirenean, ibilbideko azken maldatxoetan, ihes egiteko saiakerak egon dira, eta 22 txirrindulariko taldetxoa geratu da buruan; hantxe egon dira Jon Izagirre (Cofidis), Mikel Landa (Bahrain Victorious), Enric Mas (Movistar), David Gaudu (Groupama-FDJ), Matteo Sobrero (Jayco-AlUla), Simon Yates (Jayco-AlUla), Brandon McNulty (UAE Emirates), Sergio Higuita (Bora-hansgrohe), Skjelmose eta Vingegaard, besteak beste.

Taldetxoko txirrindularien artean erabaki da garailea. Esprintean Sergio Higuita izan da irabazlea, azken metroetan nagusituta. Andrea Bagioli (Soudal Quick-Step) izan da bigarren eta Skjelmose hirugarren. Jon Izagirre zazpigarren izan da, Vingegaard hamargarren eta Landa hamazortzigarren.

Bosgarren etaparen ostean Jonas Vingegaardek jarraitzen du sailkapen nagusiko lehen postuan, Mikel Landa da bigarren 13 segundora eta Gaudu hirugarren liderrarekiko 31 segundora. Jon Izagirre seigarren postuan dago Vingegaardekiko 34 segundora.

Kontsultatu Itzuliaren sailkapen guztiak, eitb.eus-en.

5. etapako sailkapena. Argazkia: EITB Media

5. etapako sailkapena. Argazkia: EITB Media