Euskal Herriko Itzulia
ITZULIA, ABIAN
Mikel Landa, Astana taldea, Thomas eta Alaphilippe, nor baino nor gehiago Itzulian
Agentziak | Erredakzioa
784,5 kilometroko ibilbidea egingo dute aurten eta 22 mendate igoko dituzte; lehen mailako bost, bi mailako bi eta hirugarren mailako 15.
-
2018ko edizioko podiuma. Argazkia: ETB.
Geraint Thomas 2018ko Tourreko irabazlea, aurten sasoi betean dagoen Julien Alaphilippe, Mikel Landa Movistar taldeko lider eta euskal zaleen itxaropen nagusia eta Astana sasoi betean dagoen taldea dira 2019ko Itzulia irabazteko faborito nagusiak.
UCI World Tourreko euskal lasterketa nahitaezko hitzordua da nazioarteko tropeleko izarrentzat. Astelehenean, apirilaren 8an, hasiko da, Zumarragan, aurtengo edizioko nobedade nagusiarekin: banakako erlojupekoa lehen etapan jokatuko da, eta ez azkenengoan, iaz arte bezala.
Ibilbideko 784,3 kilometroetako lehen 11,3ak jokatuko dira lehen jardunaldian. Ibilbidea sei etapatan banatu dute, eta 22 mendate igoko dituzte: lehen mailako bost, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako 15.
Mikel Landa da Movistar taldeak garaipen nagusia lortzeko izango duen hautagai ia bakarra, azken hilabeteetan erorikoekin arazoak izan dituen arren. Jon Izagirre ere faborito da, Jakob Fuglsang taldekidearekin eta Gorka anaiarekin batera, baina Luis Leon Sanchez, Pello Bilbao eta Omar Fraile ere sartuko dira lehian.
Astanarekin batera, beste bi talde indartsu etorri dira: Deceuninck – Quick-Step eta Sky. Deceunincken, Alaphilippe da izen nagusia, Enric Masekin batera (bigarren egin zuen 2018ko Vueltan eta seigarren iazko Itzulian, Arraten amaitu zen etapa nagusia irabazita).
Sky taldeak, berriz, Geraint Thomas, Michal Kwiatkowski, Jonathan Castroviejo, David de la Cruz eta Diego Rosa ekarri ditu.
Guztira, 161 txirrindulari izango dira Zumarragako irteeran, zazpi kideko 23 taldetan banatuta: 18 UCI World Tourrekoak eta 5 Kontinental mailakoak (Caja Rural, Euskadi-Murias, Burgos BH, Cofidis eta Manzana Postobón).
Ibilbidea
1. etapa. Zumarraga - Zumarraga (Banakako erlojupekoa; 11,3 km)
2. etapa. Zumarraga - Gorraitz (149,5 km)
3. etapa. Sarriguren - Estibaliz (191,4 km)
4. etapa. Gasteiz - Arrigorriaga (163,6 km)