Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia

1. etapa

Schachmannentzat Zumarragako etapa eta lehen elastiko horia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Borako alemaniarra izan da indartsuena Zumarragako erlojupekoan, Daniel Martinezen eta Michal Kwiatkowskiren aurretik.

4:19
Schachmann

Maximilian Schachmann (Bora Hansgrohe) alemaniarrak eskuratu du aurtengo Itzuliko lehen etapa, Zumarragan hasi eta bukatu den erlojupekoa. Borako txirrindulariak 17 minutu eta 10 segundo behar izan ditu 11,2 kilometroko ibilbidea betetzeko. Horrenbestez, bera da lasterketako lehen liderra.

Haren atzetik sartu dira Daniel Felipe Martinez (Education First) kolonbiarra, jardunaldiko ezusteko handiena, eta Michal Kwiatkowski (Sky) poloniarra, bederatzi eta hamar segundora, hurrenez hurren.

Schachmannek bere sasoi egoera bikaina baliatu du hirugarren mailako Antioko gainetik indartsu igarotzeko. Hain justu ere, % 9,7ko batez besteko maldak dituen 2,3 kilometroko mendate horrek jarri du ikuskizuna lehen etapan. Zailtasun horri, gainera, euria gaineratu behar izan zaio.

Gaurkoarekin aurtengo denboraldian lortu duen hirugarren garaipena izan da alemaniarrarenzat. Horietako bat duela bi aste jokatu zen Kataluniako Itzuliko bosgarren etapan erdietsi zuen, eta hamabigarren amaitu zuen sailkapen nagusian.

Lasterketa irabazteko hautagaien artean dauden Julian Alaphilippe (Deuceninck-Quic Step) frantziarra eta Adam Yates (Mitchelton-Scott) britainiarra ere ondo moldatu dira erlojuaren aurka: laugarren eta bosgarren egin dute, irabazleak baino 12 eta 16 segundo gehiago behar izan ostean. Bere aldetik, Geraint Thomas (Sky) azken Tourreko irabazleak ez du arriskurik hartu nahi izan ibilbide bustian, eta 30 segundoko atzerapenari egin beharko dio aurre hurrengo etapatan.

Enric Mas (Deceuninck-Quick Step) mallorcarrak ordubetez izan du denborarik onena helmugan (17:34); alabaina, etapako zati handi batean bota duen euriak kalte egin dio, azken aldera atera diren txirrindulariek ez baitute euripean jardun behar izan. Azkenerako, Schachmannek baino 24 segundo okerrago egin du ibilbidea.

Euskal txirrindulariei dagokienez, Ion Izagirre (Astana) ormaiztegiarrak zazpigarren amaitu du etapa (22 segundora). Halaber, Pello Bilbao bizkaitarra etapako 11.a izan da, bere taldekideak baino 10 segundo gehiagorekin.

Mikel Landarentzat, ostera, gauzak ez dira hain ondo joan. Movistarreko txirrindulari arabarrak ia minutu bat galdu du (54 segundo), eta lan handia egin beharko du hemendik aurrera alde horri buelta eman ahal izateko.

Astearte honetan, aldapa gora amaituko den Itzuliko bigarren etapa jokatuko da, Zumarraga eta Gorraiz artean (149, kilometro).

Schachmann: "Etapa ez zen egokia niretzat"

Maximilian Schachmann alemaniarra "harrituta" agertu da espero ez zuen garaipenarengatik.

"Etapa ez zen egokia niretzat. Ez nuen emaitza hau espero, eta, ondorioz, ez nuen arriskurik hartzeko asmorik. Aitzitik, igoeraren amaieran ondo nindoala eta aukerak nituela ikusi dut, eta, azkenerako, arriskatzea erabaki dut eta ederto atera zait. Ez dakit nola lortu dudan ere", adierazi du Borakoak.

Alemaniarra izan da azken kilometroak egiteko bizikletaz aldatu ez duen txirrindulari bakanetakoa. Berak aitortu duenez, hasierako planen kontra hartu duen erabakia izan da hori: "ez dut bizikletaz aldatu, hala egiteko asmoa bagenuen ere".

Dena dela, errepidea horren bustia ez zegoela iruditu, eta erlojupeko bizikletarekin jarraitzea erabaki du. "Asmatu egin dut", gaineratu du zoriontsu.