Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

4. etapa

Ion Izagirrek etapa garaipena lortu du, esprintean Pello Bilbaori nagusituta

A. B. | EITB Media

Ormaiztegiko txirrindularia izan da Itzuliko laugaren etapako irabazlea. Gernikarra, aldiz, bigarren izan da, esprint estu baten ostean. McNulty da lider berria.

Izagirreren garaipena, zentimetro batzuengatik

Ion Izagirrek (Astana-Premier Tech) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa, ostegun honetan Gasteiz eta Hondarribia (189,2 Km) artean egin dena. Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) bigarren izan da, eta Brandon McNulty (UAE-Team Emirates) da lasterketako lider berria.

Izagirrek lehia estua izan du Pello Bilbaorekin, euskal txirrindularien arteko esprintean erabaki den etapan, eta Ormaiztegikoa (Gipuzkoa) nagusitu da. Epaileek fotofinisha erabili behar izan dute garailea zein izan den jakiteko. McNulty izan da hirugarren, eta liderraren elastikoa jantzi du.

Helmugaratzen lehenak izan diren hiru txirrindulariekin batera iritsi dira Jonas Vingegaard (Jumbo Visma), Emanuel Buchmann (Bora) y Jhoan Esteban Chaves (BikeExchange). Liderraren elastikoa galdu duen Primoz Roglic (Jumbo Visma), Tadej Pogacar (UAE-Team Emirates), eta Mikel Landa (Bahrain-Victorious) besteak beste, tropelean iritsi dira, Izagirrerengandik 49 segundora.

Sailkapen nagusian, Brandon McNulty da liderra; 23 segundo ateratzen dizkio bigarren den Primoz Roglici, 28 Jonas Vingegaardi, 36 Pello Bilbaori eta 43 Tadej Pogacar bere taldeburuari. Mikel Landa (Bahrain-Victorious) hamargarren postuan da, liderrarengandik 1'23"ra.