Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia

Apirilak 7, astelehena

Itzuliak lehen etapako ibilbidearen tarte bat aldatu du: Gasteizko erlojupekoak 16,5 kilometro izango ditu

EITB MEDIA

Aldaketaren ondorioz, erlojupekoak, hasiera batean zer iragarri zuten kontuan izanik, 2,2 kilometro gutxiago izango ditu. Itzuliak nabarmendu du etapan aurreikusita zegoen maldari eutsiko zaiola; hortaz, antolatzaileek espero dute "aldaketak ikuskizunean eraginik ez izatea".

  • Aldaketaren eraginez, erlojupekoak 16,5 kilometro izango ditu. Irudia: itzulia.eus.

    Aldaketaren eraginez, erlojupekoak 16,5 kilometro izango ditu. Irudia: itzulia.eus.

2025eko Itzuliaren antolatzaileek lehen etapako ibilbidearen tarte bat aldatu dute, alegia, Gasteizen hasi eta amaituko den banakako erlojupekoaren ibilbidea; apirilaren 7an jokatuko dute etapa hori, astelehenez. Astearte honetan iragarritako aldaketa hori "arrazoi logistikoengatik" egin dute, eta, horren ondorioz, erlojupekoak, azkenean, 16,5 kilometro izango ditu; alegia, hasiera batean zer iragarri zuten kontuan izanik, 2,2 kilometro gutxiago. Itzuliak, hori bai, nabarmendu du etapan aurreikusita zegoen maldari eutsiko zaiola; hortaz, antolatzaileek espero dute "aldaketak ikuskizunean eraginik ez izatea".

Hain zuzen ere, Itzuliak zehaztu duenez, aldaketa 13. kilometroan gauzatuko da. Bertan, hain zuzen ere, "Arkautirantz artez jarraitu eta, Salburuako parkea inguratu ondoren, Buesa Arenara itzuli beharrean, txirrindulariek eskuinetara joko dute Zurbanorantz, eta, bertatik, antzinako kupularen aurrean dagoen Buesa Arenako aparkalekuan kokatutako helmugarantz itzuliko dira".

Arestian esan bezala, erlojupekoa Gasteizen hasi eta amaituko da, Buesa Arenan. Etapa garaipenaz gain, 64. Itzuliaren lehenengo maillot horia ere izango da jokoan, jardunaldi horretan.

Euskal Herriko Itzuliaren 1. etaparen profila. Irudia: itzulia.eus.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 1. etaparen profila. Irudia: itzulia.eus.