Italiako Giroa
Uztailaren 6tik 13ra bitartean
Ostolaza, Santesteban eta Amondarain, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak Italiako Giroan izango duen taldean
EITB
Alice Arzuffi, Arianna Fidanza eta Laura Tomasi italiarrek eta Yuliia Biriukova ukrainarrak osatuko dute euskal taldeak lasterketara eramango duen zazpikotea; proba igandean hasiko da, uztailaren 6an.
-
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak irudi hau argitaratu du, Giroan izango duen taldearekin.
Usoa Ostolaza, Ane Santesteban eta Naia Amondarain euskal txirrindulariak Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak 2025eko Italiako Girora eramango duen taldean izango dira, euskal taldeak asteartean iragarri duenez. Alice Arzuffi, Arianna Fidanza eta Laura Tomasi italiarrek eta Yuliia Biriukova ukrainarrak osatuko dute euskal taldeak lasterketara eramango duen zazpikotea; proba igandean hasiko da, uztailaren 6an, Bergamon.
Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduradunaren esanetan, "talde benetan orekatua dugula pentsatzen dugu". "Igotzaileen aldetik, Usoa, Ane, Alice eta Yuliia ditugu, laukote bikaina, eta, beste aldetik, Arianna, Laura eta Naia ordekan eta talde lana oso ondo aritzen diren txirrindulariak dira. Alde horretatik, oso pozik gaude, konfiantza osoz".
"Protagonista izatea daukagu helburu nagusia, bai ihesaldietan baita esprintetan ere Lauraren aukerarekin, eta Arianna, multzo txikiagoetan. Bestalde, sailkapen nagusiari begira, bai Anerekin bai Usoarekin, batez ere, ahalik eta urrutien iristea litzateke helburua. Azken hiru etapak erabakigarriak izango direla ematen du, gogortasunari begira. Bolada on honekin jarraitzea espero dugu eta Giroa bezalako eszenatoki batean gure maila berriro islatzea espero dugu", amaitu du Lazkanok.