Italiako Giroa
20. etapa
Michael Rogers, Zoncolanen errege; Nairo Quintana, Giroan
Mikel Dominguez
Tinkoff-Saxo taldeko australiarrak amaiera ezin hobea eman zion ihesaldiari, Zoncolan gainean irabazita. Quintanak kontrolpean izan zuen igoera, eta arrosaz jantzita helduko da Triestera.
Michael Rogersek (Tinkoff-Saxo) irabazi zuen Italiako Giroaren 20. etapa, Zoncolan gainean. Nairo Quintanak (Movistar) sailkapen nagusiko buru bukatu zuen etapa, eta arrosaz jantzita helduko da Triestera. Australiarrak 4 ordu, 41 minutu eta 55 segundo eman zituen etapako 167 kilometroak betetzen.
Rogers eguneko ihesaldian sartu zen, beste hogei bat txirrindularirekin batera. Zoncolanera bakarrik heldu zen, Franco Pelizzottiren (Androni-Venezuela) eta Francesco Bongiornoren (Bardini-CSF) aurretik. Ihesaldiko indartsuena izan zen, Giroko 1. mailako azken mendatera bakarrik heltzeko gogoz.
Lidergoa ez zen inoiz arriskuan egon, eta biziagoa egon zen podiumean sartzeko borroka. Azkenean, ez zen aldaketarik egon. Azken aurreko igoeran, Sella Razzon (2. Maila), Domenico Pozzovivok (Ag2r), Rafal Majkak (Tinkoff-Saxo) eta Romain Sicardek (Europcar), Pierre Rolland lideraren alde, aurrera jo zuten, baina ezerezean geratu zen.
Zoncolanen, Igor Anton (Movistar) igoera gogortzeaz arduratu zen, bere liderraren onerako. Ondo ezagutzen du mendatea, azken irabazlea izan delako. Bi horiez gain, faborito batzuk geratu ziren taldetxoan: Wouter Poels eta Rigoberto Uran (Omega Pharma-Quick Step), Fabio Aru (Astana), Pozzovivo, Rolland eta Makja.
Bi kolonbiarrak elkarrekin batera helmugaratu ziren, irabazlearengandik 3' 7''-ra. Beraz, Nairo Quintana izango da Italiako Giroaren irabazlea.
20. ETAPAKO SAILKAPENAK