Italiako Giroa
Egutegia
Nibalik ez du baztertzen Italiako Giroan ere lehiatzea
Erredakzioa
Hala ere, Giroa eta Tourra korritzeak "arazoak ekarriko lituzkeela" onartu du: "Tourreko hirugarren aste erabakigarrian indarrik ez edukitzea da bi lasterketetan aritzearen arriskua".
-
Nibalik iaz lortutako garaipena defendatuko du Tourrean. Efe.
Vincenzo Nibalik 2015rako bere egutegiaren berri eman du, baina egutegi hori ez dago guztiz itxita, izan ere, italiarrak "atea zabalik" utzi dio Italiako Giroa lehiatzeko aukerari, nahiz eta denboraldiko helburu nagusia Frantziako Tourra izan.
La Gazzetta dello Sportek aurreratutakoaren arabera, Nibalik ondorengo egutegia izango du 2015ean: Dubaiko Tourra (otsailak 4-7), Omaneko Tourra (otsailak 7-22), Strade Bianche (martxoak 7), Tirreno-Adriatikoa (martxoak 11-17), egonaldia Teiden (martxoaren 28tik apirilaren 11 arte), Amstel Gold Race (apirilak 19l), Fleche Valone (apirilak 22l), Lieja (apirilak 26), egonaldia Teiden (maiatzak 18- ekainak 2), Dauphine (ekainak 7-14), egonaldia San Pellegrinon (ekainak 15-24), Italiako Txapelketa (ekainak 27) eta Frantziako Tourra (uztailak 4).
Egutegian Giroa agertu ez arren, Nibalik ez du baztertu lasterketa italiarra lehiatzea: "Egutegia ez da behin betikoa, malgua da, momentuan izango ditudan sentsazioen araberakoa. Giroari ezetz? Ikusiko dugu. Atea zabalik utzi nahi diot, baina erabakian nire taldeak ere zeresana izango du", esan dio La Gazzettari 2014ko Tourreko eta 2013ko Giroko irabazleak.
Hala ere, Giroa eta Tourra korritzeak "arazoak ekarriko lituzkeela" onartu du: "Tourreko hirugarren aste erabakigarrian indarriki ez edukitzea da bi lasterketetan aritzearen arriskua. Dena den, Giroak leku berezia dauka nire bihotzean. Itzuli egin behar dut, jendeagatik ere bai. Bi urte Giroa lehiatu barik egon naiteke, baina bueltatu egin behar dut", esan du Nibalik.