Italiako Giroa
19. etapa
Italiako Giroa: Mortirolo, amets-(gaiztoa)
Jon Lopez
Erredakzioa
Txirrindulariek Giroko igoerarik mitikoenari ekingo diote, Mortilorori hain zuzen. Harresiak epaia emango du eta txirrindularitza-jardunaldi handi baten lekuko eta protagonista izango da. Zuzenean.
Mendate asko eta ezaugarri ezberdinekoak daude munduan zehar, baina Mortirolo berezia da, oso. Ezberdina. Datuek ikara sortzen dute -12''8 kilometro, %10,3 batez besteko aldapa eta %18ko tarteak-, baina ez zaie datuei bakarrik so egin behar.
Mortirolok ito-bidean jartzen ditu lasterkariak. Igoera Mazzo di Valtellinan hasten da, baina hirugarren kilometrotik aurrera, San Maten, estu jartzen ditu bihotzak eta giharrak. Hortik aurrera, aldapak ez du ''atseden-gune''rik eta maldak ez du %11 baino gutxiagoko tarterik.
Mortiroloren iparraldeko bidea Europako errepide igoerarik gogorrenetakoa da eta bere errepidea Italiako Giroko jardunaldi zirraragarrien lekuko izan da.
Marco Pantaniren balentriek sona handia hartu zuten -igoeran bere omenezko eskultura dago, Piaz herrian-. Aurten ere gain dolomitikoak gogoan izateko balentriaren bat utziko digu, ziur.
Baina Giroko 19. etapa ez da Mortirolo soilik. Gain mitikoak bidaide onak ditu. Aprica, Trevignoko igoera, aipatutako Mortirolo eta Apricako amaiera, 16 kilometroko mendatea.
Etapa zirraragarria oraindik dena erabakitzeke duen Giroan. Arroyo, Basso, Evans, Vinokourov… garaipenaren lehian dira.
Etapa ETB-1en eta eitb.com-en ikusteko aukera izango da, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren komentarioak, eta Facebook eta Twitter bidez iruzkinak egiteko aukerarekin.