Italiako Giroa
Azken aste erabakigarria
Giroa: Atseden eguna Antonen eta Mikel Nieveren garaipenak ospatzeko
A.B.
Erredakzioa
Euskaltel-Euskadi taldeak egun honetan bere bi txirrindulariek lortutako garaipenez gozatu ahalko du. Euskal txirrindularizaleentzat ere asteburu borobila izan da.
Larunbatean Igor Anton izan zen irabazlea Zoncolan gainean eta igandean Mikel Nievek garaipen ikusgarria lortu zuen etapa erreginean. Astelehen hau da Italiako Giroak izango duen azken atseden eguna eta bikain datorkio Euskaltel-Euskadi taldeari asteburuko garaipenez gozatu ahal izateko.
Bestalde, astebete geratzen da oraindik Italiako Giroa amaitzeko. Alberto Contador da liderra eta badirudi ezer arrarorik gertatzen ez bada inor ez dela gai izango Pintoko txirrindulariari irabazteko. Contadorrek 4 minutu eta 20 segundo ateratzen dizkio bigarren sailkatua den Michele Scarponiri eta 5 minutu eta 11 segundoko abantaila du hirugarren postuan dagoen Vincenzo Nibalirekiko. Sailkapen nagusiko euskal txirrindulari onena Mikel Nieve da. Bosgarren postuan dago Nieve liderrarengandik 7 minutu eta hiru segundora.
Oraindik txirrindularitzaz gozatzeko aste oso bat falta da. Aste oso gogorra txirrindularientzat mendiko etapa ugari eta astearteko krono-igoera geratzen baita.