Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

21. ETAPA

Geoghegan nagusitu da Giroan, Gannaren erlojuaren kontrako beste erakustaldi batean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ineos taldeko britainiarrak 39 segundoko aldea atera dio Jai Hindley australarrari. Wilco Keldermann herbeheretarrak osatu du podiuma. Pello Bilbaok bosgarren amaitu du.

  • Tao Geoghegan Hart, podiumean.

    Tao Geoghegan Hart, podiumean. Argazkia: ETB

Tao Geoghegan Hart britainiarrak (Ineos) bereganatu du 2020ko Italiako Giroa, lasterketako azken etapan Milanen jokatu den erlojupekoan (15,6 kilometro) 39 segundoko aldea atera baitio Jai Hindley australiarrari (Sunweb).

Geoghegan Hartek eta Hindleyk denbora berarekin ekin diote erlojupekoari, itzuli handien historian inoiz gertatu ez dena. Britainiarrak 18 minutu eta 14 segundoko denbora behar izan du ibilbidea betetzeko, Hindleyk, berriz, 18:53.

Erlojupekoa Filippo Gannak (Ineos) irabazi du nagusitasunez. Erlojuaren aurkako munduko txapeldunak, 17 minutu eta 16 segundoko denbora egin du, eta haren atzetik sailkatu dira Rohan Dennis taldekidea (Ineos) eta Victor Campenaerts belgikarra (NTT), biak ere 32 segundoko atzerapenarekin.
Erlojupekoaren aurretik, berdinduta

Itzuli handien historian lehen aldiz, bi txirrindulari, Geoghegan Hart eta Hindley, denbora berarekin iritsi ziren azken etapara. Australiarra azkena izan da ateratzen erlojupekoan, maglia arrosarekin, 87 ehuneneko aldea ateratzen baitzizkion britainiarrari.

Aurrekariak Geoghegan Harten alde zeuden; izan ere, Hindley baino azkarragoa izandakoa zen aurrez aurre jokatutako aurreko hamar erlojupekotatik zortzitan, Italiako Rai telebistak emandako datuen arabera, eta, hala, britainiarrak bere nagusitasuna ezarri du beste behin ere espezialitate horretan.

Bi txirrindulariak denbora berean aritu dira lehen hiru kilometroen ondoren, baina une horretatik aurrera Geoghegan Hartek gero eta abantaila handiagoa lortu du probaren erdialdera hamar segundo baino gehiagoko aldea zeukan Ineosekoak, eta Milango helmugan, Duomotik gertu, Geoghegan Hartek 39 segundoko aldearekin amaitu du. Elastiko arrosaz gain, Geoghegan Hartek (25 urte) Giroko gazte onenaren titulua ere kendu dio Hindleyri.

Pello Bilbao, bosgarren

Sailkapen nagusian hirugarren Wilco Keldermann herbeheretarrak amaitu du, Hindleyren taldekideak, irabazlearengandik 1:32ra. Bestalde, Joao Almeida portugaldarrak (Deceunick Quick Step), hamabost egunez maglia arrosa eraman zuenak, laugarren postua eskuratu, Pello Bilbao (Bahrein McLaren) bizkaitarraren kaltetan. Bien artean 12 segundoko aldea besterik ez da egon.