Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

'Ez da Giro!', ETB1-en

Parte hartu 'Zaleen erreleboa' ekimenean

EITB MEDIA

ETB1eko 'Ez da Giro' saioak atal berria prestatu du Girorako, zaleek bideoak bidal ditzaten. Parte-hartzaileek Etxeondoren materiala eta Donostiako Klasikorako akreditazio bereziak irabaz ditzakete.

  • 'Ez da Giro!' saioan zozkatuko den Etxeondoren materiala.

    'Ez da Giro' saioan zozkatuko den Etxeondoren materiala. Argazkia: EITB MEDIA

EITBk zaleen partaidetza sustatu nahi du Giroa emateko prestatu duen ETB1eko Ez da Giro! saioan, eta, horretarako Zaleen erreleboa izeneko atala sortu du. Atal berri horretan, zaleen ekarpenak hartuko dira aintzat, eurek sortu, grabatu eta bidalitako bideoak. Izan daitezke norberak bere buruari grabatutako selfie tankerako bideoak ziklistaren bat animatuz, iragarpen bat eginez, Giroan edo txirrindularitzan izandako eskarmentuak kontatuz, edota bideo landuagoak elkarteren batek egiten duen lana erakutsiz, edo taldetxoren batek umorez egiten dituen irtenaldiak laburbilduz…

Bideoak horizontalean grabatu behar dira, eta ezin dute minutu bat baino gehiago iraun. Bidaltzen diren bideoetako bat Ez da Giro! saioan erakutsiko da emanaldiaren amaieran, beste atal labur batzuen artean, eta besteak eitb.eus-en Giroak izango duen atal berezian eskegiko dira, mundu guztiaren bistara.

Zaleen ekarpena eskertuz, egunero egingo den zozketan parte hartzeko eta Etxeondoren maillota eta kulota irabazteko aukera izango du bideoaren egileak.

Gainera, Giroaren bukaeran, Donostiako klasiko biak (emakumezkoena zein gizonezkoena) antolakuntzaren gonbidatuen auto batetik jarraitzeko bi akreditazio berezi zozkatuko dira parte-hartzaile guztien artean.

Baldintzen artean, gogoratu ezin dutela 14 urtetik beherako gaztetxoak agertu eta, esan gabe doa, irain edo mespretxuzko jokabideak azaleratzen dituzten bideoak ere baztertu egingo direla.

Ohiko lehiaketa ere martxan

Aipatutako bideoen ekimen berri horrez gain, urtero legez, beste lehiaketa bat ere martxan dago, Ez da Giro! saioan planteatuko diren galderei eitb.eus-en erantzuteko.

Hortaz, Giroan zehar zozkatuko diren sariak irabazteko bi aukera izango dute aurten txirrindularitza zaleek: batetik, euren bideoak bidalita, eta, bestetik, galderen lehiaketari erantzunda.

Parte hartzeko jarraitu beharreko urratsak:

1- Galderen lehiaketan parte hartzeko zein bideoak bidaltzeko, erabiltzaileek helbide elektroniko baliodun bat sartu beharko dute hasierako formularioan, eta, jarraian, beren postara iritsiko zaien mezuko estekan sakatu, parte hartzeko atalean sartu ahal izateko.

2- Behin aipatu estekan klik eginda, formulario berri bat agertuko da, eta bertan harremanetarako datuak sartu beharko dira.

3- Datu horiek gorde ondoren, parte hartzeko bi aukerak agertuko dira: Fitxategia igo eta Eguneko galdera.