Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

Komunikatua

Giroak 75 kilometrora murriztu du gaurko 13. etapako ibilbidea, meteorologiarengatik

Agentziak | EITB Media

Antolatzaileek jakinarazi dute etapa Le Chabletik abiatuko dela, 14:30ean; beraz, txirrindulariek ez dute Grand-Saint-Bernard mendatea igo beharko. Ibilbideak ez du aldaketarik izango azken 75 kilometroetan.

  • Giroko murriztutako 13. etapako profila

    Giroko murriztutako 13. etapako profila. Argazkia: Italiako Giroa

Ostiral honetako, maiatzaren 19ko, Italiako Giroko 13. etapa aurreikusitakoa baino laburragoa izango da, lasterketako antolatzaileek 75 kilometrora murriztu baitute ibilbidea, meteorologiarengatik.

"Baldintza klimatiko txarren ondorioz, Muturreko Klima Protokoloa abian jarri dugu. Beraz, 13. etapako ibilbidea murriztu egingo da, eta Le Chabletik irtengo da, Croix de Couer mendatearen magaletik. Etapako azken zatiko ibilbidea bere horretan mantenduko da", jakinarazi dute antolatzaileek komunikatu baten bidez.

Maiatzaren 16an, asteartean, Giroak erabaki zuen Grand-Saint-Bernard mendateko igoeran aldaketak egitea; hau da, goraino igo beharrean, tuneletik pasatzea. Ondorioz, aurreikusita zegoen 207 kilometroko ibilbidea 199ra murriztuta geratu zen. Aldaketa horiek guztiak "ezohiko elurteengatik eta elur-jausi arriskuarengatik" egin ziren. Azkenean, txirrindulariek ez dute Grand-Saint-Bernard igoko; hala, Croix de Coeur eta Crans Montana izango dira ibilbideko bi mendateak.

Hasiera batean, txirrindulariak aurreikusitako irteera puntutik atera dira, 10:55ean, baina, kilometro batzuk eginda, gelditu egin dira, autobusetan Le Chablera abiatzeko. Gerora 14:30ean aldatu dute hasiera ordua, baina, azkenerako 15:00etan abiatuko da