Italiako Giroa
108. edizioa
Zazpi euskal txirrindulari lehiatuko dira 2025eko Italiako Giroan
EITB Media
Pello Bilbao, Mikel Landa, Jonathan Castroviejo, Igor Arrieta, Jon Barrenetxea, Xabier Mikel Azparren eta Jonathan Lastra dira Italiako lasterketan parte hartuko duten euskal ordezkariak.
-
Italiako Giroko garaikurra. Argazkia: EFE
2025eko Italiako Giroa maiatzaren 9an hasi eta ekainaren 1ean bukatuko da. Lasterketaren 108. edizioan zazpi euskal txirrindularik parte hartuko dute. Etapa guztiak zuzenean izango dituzu eitb.eus-en eta Euskal Telebistan (ETB) ikusgai.
Pello Bilbao (Bahrain Victorious), Mikel Landa (Soudal Quick-Step), Jonathan Castroviejo (INEOS Grenadiers), Igor Arrieta (UAE Emirates), Jon Barrenetxea (Movistar), Xabier Mikel Azparren (Q36.5 Pro Cycling) eta Jonathan Lastra (Cofidis) dira Giroan lehiatuko diren euskal txirrindulariak.
Euskal txirrindularietatik Mikel Landa izango da taldeburu bakarra. Murgiarrak onenekin lehian egon nahi du, eta sailkapen nagusiko lehen hiruen artean amaitzea da Landaren ametsa. Hala ere, etapa garaipen bat lortzea eta lasterketa lehen hamarren artean bukatzea izango da arabarraren helburua.
Pello Bilbaoren betebeharra izango da Antonio Tiberi Bahrain Victoriousen taldeburuaren ondoan egotea, batez ere mendiko etapetan. Hala ere, Gernika-Lumokoak etapa garaipenen bat lortu nahi du, eta lurrezko zatiak dituen etapa, Strade-Biacheren ibilbide antzekoa duen etapa, dauka begiz jota.
Jonathan Castroviejoren INEOS Grenadiersen Arensman eta Egan Bernal izango dira taldeburuak. Castroviejoren lana izango da haiek babestea. Erlojupekoetan (bi daude) onenekin lehian egoten saiatuko da.
Igor Arrietak ere bi taldeburu izango ditu UAE Emiratesen: Juan Ayuso eta Adam Yates. Talde-lana egin beharko du Arrietak, eta taldeburuei laguntzeko gizon garrantzitsua izango dela uste dute UAE Emiratesen.
Movistarrek Einer Rubio izango du buru. Zortzikoan Jon Barrenetxea ere egongo da. Bizkaitarrak aurten berritu du kontratua 2028ra arte, eta egindako denboraldi hasiera onari esker, Giroan egoteko aukera irabazi du. Rubiori laguntzeaz gain, etaparen bat lehiatzea du buruan Barrenetxeak.
Xabier Mikel Azparren Q36.5 Pro Cycling taldeko zortzikoan dago. Thomas Pidcock da taldearen liderra, eta haren beharrizanetara egokitzen saiatuko da donostiarra.
Badirudi Jonathan Lastraren Cofidisek ez dituela aukera asko sailkapen nagusia lehiatzeko. Milan Fretin izango da taldeburua. Ihesaldietan sartzea eta etapa garaipenen borrokan egotea izango dute helburu nagusi. Ikusiteko da etaparen batean Lastrak onenekin egoteko aukerarik duen.