Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

4. etapa

Casper van Udenek irabazi du Lecceko esprinta, eta Mads Pedersenek Italiako Giroko lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Picnic PostNL taldeko txirrindulari herbeheretarra izan da azkarrena etapako azken metroetan, Vismako Olav Kooij eta Tudorreko Maikel Zijlaard mendean hartuta; Pedersen (Lidl-Trek) laugarren helmugaratu da. Van Udenek, 23 urtekoa bera, orain arte izan duen garaipenik garrantzitsuena eskuratu du.

  • Van Udenek Picnic talderako oso garrantzitsua den garaipena eskuratu du. Argazkia: EFE.

    Van Udenek Picnic talderako oso garrantzitsua den garaipena eskuratu du. Argazkia: EFE.

Picnic PostNL taldeko Casper van Uden txirrindulari herbeheretarrak irabazi du 2025eko Italiako Giroaren laugarren etapa, esprintean, Leccen, asteartean, eta Lidl-Trek taldeko Mads Pedersen ziklista danimarkarrak sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du; beraz, Pedersenek izango du aldean maglia arrosa, gutxienez, asteazkeneko etapan ere. Primoz Roglicek (Red Bull-Bora) bi segundoko saria bereganatu du, eta, sailkapen nagusian bigarren dabilela, zazpi segundora dauka Pedersen.

Van Udenek lasterketan dauden esprinter handi guztiak menderatu ditu: Olav Koij (Visma-Lease a Bike), Mads Pedersen, Kaden Groves (Alpecin-Deceuninck) eta Sam Bennett (Decathlon AG2R), kasu. Herbeheretar gazteak orain arteko kirol ibilbidean izan duen garaipenik handiena eskuratu du. Picnic talderako ere bada emaitza ikusgarria, oso garrantzitsua; izan ere, Herbehereetako taldeak puntuak behar ditu, garaipenak erdiesteko beharra dauka. Van Uden eta taldekideek gogotik ospatu dute garaipena, eta ez zen gutxiagorako.

Etapa azken kilometroetan sartu aurretik, Fran Muñoz Polti VisitMalta taldeko asturiarra izan da protagonista; izan ere, ihes eginda ibili da, eta harrapatu dute helmugarako 55 bat kilometro gelditzen zirela. Esprinterren taldeek aukera baliatu nahi zuten, espezialistek garaipena eskuratzeko beste abagune bat izan zezaten.

Jardunaldiko azken zatian ez da izan ihesaldirik sortzeko beste ahaleginik; hori bai, Mads Pedersenek pare bat alditan gelditu behar izan du, tropelean izan diren eta ondoriorik izan ez duten bi erorikotik gertu ibili baita. Testuinguru horretan jokatu dute esprinta, eta ikusgarria izan da; Casper van Udenek sasoi puntu bikainean dagoela erakutsi du, eta hautagaitza aurkeztu, halaber, 108. Italiako Giroan izango diren hurrengo esprintetan faboritoen zerrendan sartzeko.

Asteazkenean, lasterketako bosgarren etapa izango da jokoan. Eguna Ceglie Messapican hasiko da, eta Materan amaitu, eta ibilbideak 151 kilometro izango ditu. Baliteke etapa beste behin esprintean jokatzea; hori bai, azken zatia, teorian behintzat, asteartekoa baino korapilatsuagoa da, eta horrek ekar lezake lehia izatea garaipena eskuratu nahi dutenen artean.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - VAN UDEN Casper (Picnic) 4:02:21

2 - KOOIJ Olav (Visma) d. b.

3 - ZIJLAARD Maikel (Tudor) d. b.

4 - PEDERSEN Mads (Lidl) d. b.

5 - GROVES Kaden (Alpecin) d. b.

6 - BENNETT Sam (Decathlon) d. b.

7 - MAGNIER Paul (Soudal) d. b.

8 - TURNER Ben (INEOS) d. b.

9 - MOSCHETTI Matteo (Q36.5) d. b.

10 - ZANONCELLO Enrico (VF Group) d. b.

CLASIFICACIÓN GENERAL

1 - PEDERSEN Mads (Lidl) 11:44:31

2 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 0:07

3 - VACEK Mathias (Lidl) + 0:14

4 - MCNULTY Brandon (UAE) + 0:21

5 - DEL TORO Isaac (UAE) + 0:22

6 - AYUSO Juan (UAE) + 0:25

7 - POOLE Max (Picnic) + 0:33

8 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 0:34

9 - STORER Michael (Tudor) + 0:36

10 - PELLIZZARI Giulio (Red Bull) + 0:40