Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

5. etapa

Mads Pedersen hirugarrenez gailendu da, Materan, eta Italiako Giroan duen maglia arrosa sendotu du

EITB MEDIA

Lidl-Trek taldeko txirrindulari danimarkarrak, oso lehiatua izan den eta zentrimetro batzuengatik erabaki den esprintean, Edoardo Zambanini (Bahrain-Victorious) eta Tom Pidcock (Q36.5) menderatu ditu. Sailkapen nagusian, Pedersenek lider jarraitzen du, eta orain 17 segundo ditu, Primoz Roglicekiko.

  • Edoardo Zambaninik, eskuinaldean, gertu-gertu izan du etapa garaipena. Argazkia: EITB Media.

    Edoardo Zambaninik, eskuinaldean, gertu-gertu izan du etapa garaipena. Argazkia: EITB Media.

Mads Pedersen Lidl-Trek taldeko txirrindulari danimarkarrak irabazi du 2025eko Italiako Giroko bosgarren etapa, esprintean, Materan, asteazkenean, eta horrenbestez, orain arte jokatu dituzten bost etapetatik hirutan gailenduta, lider jarraitzen du sailkapen nagusian. Oso lehiatua izan den eta zentimetro batzuengatik erabaki den esprintean, Pedersenek Edoardo Zambanini (Bahrain-Victorious) eta Tom Pidcock (Q36.5) menderatu ditu, alegia, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren postuetan helmugaratu diren ziklistak; sailkapen nagusiari dagokionez, Pedersen maglia arrosaz jantzita irtengo da ostegunean ere, eta orain 17 segundo ditu Primoz Roglicekiko (Red Bull-Bora).

Lorenzo Milesi (Movistar), Giosue Epis (Arkea-B&B Hotels) eta Davide Bais (Polti VisitMalta) izan dira eguneko ihesaldian; Materako helmugarako ia 70 kilometro gelditzen zirela, lasterketa buruan zebiltzan gizon horiek gutxi gorabehera minutu eta erdiko abantaila zuten, tropelarekiko. 

Epis izan da erritmoari eutsi ezinik ibilitako lehena, eta tropelak 31 kilometro gelditzen zirela harrapatu du; Milesik eta Baisek, ordea, ihes eginda jarraitzen zuten, eta bi minutuko baino apur bat gehiagoko aldea zuten, orduan. Lasterketa buruan zebiltzan bi txirrindulari italiarrak amaierarako hamahiru kilometro gelditzen zirela harrapatu dituzte, ez lehenago. Egin duten ahaleginak ez du nahi zuten saria jaso, baina, zalantzarik gabe, 2025eko Giroko bosgarren etapa honetako protagonista bilakatu ditu.

Esprintari dagokionez, nabarmentzeko modukoa da, lehenik, Mads Pedersenek berretsi duela sasoi betean dabilela; izan ere, hiru garaipen daramatza, jokatzen ari diren Giroan. Hori bai, Zambaninik asko estutu du liderra, eta danimarkarrak helmugako pankartapean bertan irabazi du. Lidl-Trek taldeak lan bikaina egin du, bereziki Mathias Vacekek; horrek ezin hobeto du Pedersen, beste behin.

Azken hamar kilometroetan izan den igoeran, Primoz Roglic ibili da ondoen, sailkapen nagusiko gizonen artean. Esloveniarra ostiraleko etaparen zain dabil, hori menditsua izango baita. Oraingoz, ostegunean, lasterketa Napolira iritsiko da, 108. Italiako Giroko seigarren etapan; baliteke esprinterrek beste abagune on bat izatea.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - PEDERSEN Mads (Lidl) 3:27:31

2 - ZAMBANINI Edoardo (Bahrain) d. b.

3 - PIDCOCK Tom (Q36.5) d. b.

4 - AULAR Orluis (Movistar) d. b.

5 - FIORELLI Filippo (VF Group) d. b.

6 - STORER Michael (Tudor) d. b.

7 - PACHER Quentin (Groupama) d. b.

8 - RIVERA Brandon Smith (INEOS) d. b.

9 - CARUSO Damiano (Bahrain) d. b.

10 - DEL TORO Isaac (UAE) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - PEDERSEN Mads (Lidl) 11:44:31

2 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 0:17

3 - VACEK Mathias (Lidl) + 0:24

4 - MCNULTY Brandon (UAE) + 0:31

5 - DEL TORO Isaac (UAE) + 0:32

6 - AYUSO Juan (UAE) + 0:35

7 - POOLE Max (Picnic) + 0:43

8 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 0:44

9 - STORER Michael (Tudor) + 0:46

10 - PELLIZZARI Giulio (Red Bull) + 0:50