Italiako Giroa
Maiatzak 28, asteazkena
2025eko Italiako Giroko 17. etaparen profila: San Michele all'Adige-Bormio (155 kilometro)
EITB MEDIA
Hiru mendate puntuagarri izango dira; horietako bat, helmugarako 48 kilometrora, Mortirolo da. Etapa gogorra da; sailkapen nagusian mina egin nahi duenak aukera bikaina izango du, profilak hala ahalbidetzen baitu.
-
2025eko Giroko 17. etaparen profila. Irudia: Italiako Giroa.
2025eko Italiako Giroko hamazazpigarren etapa maiatzaren 28an jokatuko dute, asteazkenez, 12:50ean abiatuko da San Michele all'Adigetik, 155 kilometroko ibilbidea du, eta Bormion amaituko da, 16:57tik 17:28ra bitartean. Giroko txirrindulariek, egun honetan, hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte; bereziki nabarmentzekoa da Mortirolo, oso gogorra baita eta hainbat aldiz igo dutelako Italiako Giroan. Laburbilduz, sailkapen nagusian mina egin nahi duenak aukera bikaina izango du etapa honetan, indarrik izanez gero, profilak hala ahalbidetzen baitu.
Etapan izango diren hiru mendateetako lehena 2. mailako Passo del Tonale da; igoera oso luzea da, 15,2 kilometrokoa, eta gaina 69,6. kilometroan du. Batezbeste, % 6ko malda du; aldapa batzuk, baina, % 9rainokoak dira.
Beste 25 kilometro eginda, etapako 94.ean, Mortirolo igotzen hasiko dira. Mendate hori, noski, 1. mailakoa da, hamabi kilometroko baino gehiagoko igoera du, eta batez besteko malda % 7,6koa dauka; hori gutxi balitz bezala, zati batzuetan % 16ko malda ere badu. Txirrindulariek, hortaz, erronka handia izango dute aurretik; mendateko pankarta 107,2. kilometroan du Mortirolok.
Le Motterako igoera egin beharko dute, oraindik, ziklistek, etapa amaitu aurretik. 3. mailako mendate hori atzean utzita, hamar kilometro baino gutxiago geldituko zaizkie, jardunaldia amaitzeko. Bormion izango da helmuga; Giroaren historiako izen oso handi batzuk gailendu dira bertan: Vincenzo Nibali, Gilberto Simoni, Erik Breukink, Charly Gaul eta Fausto Coppi mitikoa. Hainbatek izango dute asmoa, orain, palmares bikain horretan sartzeko.
ETAPAKO PROFILA
Ikusi, eitb.eus-en, 12:40tik, ETB4n, 14:00etan, eta ETB1en, 15:00etatik.
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 17. etapa (maiatzak 28, asteazkena)
Ibilbidea: San Michele all'Adige-Bormio
Distantzia: 155 km
Hasiera-ordua: 12:50
Amaiera-ordua: 16:57 (39 km/h) | 17:12 (37 km/h) | 17:28 (35 km/h)
Mendiko saria: Passo del Tonale (2. maila), 69,6. kilometroan; Passo del Mortirolo (1. maila), 107,2. kilometroan; Le Motte (3. maila), 146,1. kilometroan