Italiako Giroa
13. etapa
Pedersenek bere laugarren etapa irabazi du eta Del Torok abantaila handitu du
EITB MEDIA
Txirrindulari danimarkarrak Van Aert gainditu du Vicenzako esprintean, eta Del Toro, berriz, lehen postuan sendotu da, hirugarren helmugaratuta.
-
Mads Pedersen garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Mads Pedersen (Lidl-Trek) danimarkarrak laugarren garaipena lortu du 2025eko Italiako Giroan, ostiral honetan Rovigo eta Vicenza artean (180 kilometro) lehiatu den 13. etapa irabazita. Wout van Aert (Visma) horren gurpilera itsatsi da etapa irabazten saiatzeko, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Bestalde, Isaac Del Toro (UAE Team Emirates) liderrak abantaila handitu du hirugarren helmugaratuta.
Sailkapen nagusian, Del Torok jarraitzen du lider, Juan Ayuso (UAE) 35 segundora du orai, eta Antonio Tiberi (Bahrain), berriz, 1 minutu eta 15 segundora.
Pedersenek helmugatik 250 metrora jo du erasoa, edizio honetako bere laugarren garaipenarekin bosgarrena emateko Lidl-Trek taldeari. Tropelak azken metroetan irentsi ditu bi iheslariak, Vacek eta Bardet.
Pedersenek erasoa jo duenean, Van Aertek jarraitu dio, 9. etapako irabazleak, baina belgikarrak ezin izan dio danimarkarraren erritmoari eutsi. Horiekin batera, bi segundora, hirugarren helmugaratu da Del Toro, sailkapen nagusirako eta azken garaipenerako hautagaien artean onena izan dena.
Sailkapen nagusiko bigarrenak, Ayusok, ezin izan dio mexikarrari jarraitu. Gainera, eguneko gainetako batean sufritu egin du. Ez dute mendate handirik igo behar izan, baina errepide gorabeheratsuetatik ibili dira.
13. ETAPAKO SAILKAPENA
1.- PEDERSEN Mads (Lidl) 3:0:24
2.- VAN AERT Wout (Visma) d. b.
3.- DEL TORO Isaac (UAE) +0:02
4.- ROCHAS Rémy (Groupama) +0:05
5.- GODON Dorian (Decathlon) d. b.
6.- ROGLIC Primoz (Red Bull) d. b.
7.- TIBERI Antonio (Bahrain) d. b.
8.- GEE Derek (Israel) d. b.
9.- AULAR Orluis (Movistar) d. b.
10.- BERNAL Egan (INEOS) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1.- DEL TORO Isaac (UAE) 46:32:59
2.- AYUSO Juan (UAE) +0:38
3.- TIBERI Antonio (Bahrain) +1:8
4.- YATES Simon (Visma) +1:20
5.- ROGLIC Primoz (Red Bull) +1:35
6.- CARAPAZ Richard (EF) +2:07
7.- CICCONE Giulio (Lidl) +2:20
8.- MCNULTY Brandon (UAE) +2:40
9.- BERNAL Egan (INEOS) +2:50
10.- GEE Derek (Israel) +2:54