Italiako Giroa
Maiatzak 30, ostirala
2025eko Italiako Giroko 19. etaparen profila: Biella-Champoluc (166 kilometro)
EITB MEDIA
108. Italiako Giroko azken-hirugarren etapak 166 kilometroko ibilbidea du, eta bost mendate; horietako hiru, Col Tzecore, Col Saint-Pantaleon eta Col de Joux, 1. mailakoak dira. Hala, gakoa izan litekeen jardunaldia da.
-
2025eko Italiako Giroaren 19. etapako profila. Irudia: Italiako Giroa.
Ostiralean, maiatzaren 30ean, 2025eko Italiako Giroko hemeretzigarren etapa izango da jokoan, alegia, lasterketako 108. ekitaldiko azken-hirugarrena. Antolatzaileek zehaztutako ordutegiaren arabera, txirrindulariak 12:20an hasiko dira lanean, Biellan, eta, guztira 166 kilometro eginda, jardunaldiak Champolucen amaituko da, 16:57ik 17:34ra bitartean. Txirrindulariek bost mendate gainditu beharko dituzte; horietako hiru, alegia, Col Tzecore, Con Saint-Pantaleon eta Col de Joux, 1. mailakoak dira. Hortaz, etapa gakoa izan liteke, azken sailkapen nagusiari begira.
Testuinguru horretan, ziklistek, hasteko, 3. mailako Croce Serra igoko dute; 15,1. kilometroan dago hori. 50,7. kilometroan, Verresen, Giroa Col Tzecore igotzen hasiko da. Hori 1. mailako mendatea da, oso gogorra; parte-hartzaileek 16 kilometroko igoera egin beharko dute, eta batez besteko malda % 7,7koa da, baina aldaparen bat % 15eraino ere iristen da. Datu esanguratsuak dira, baina etapak, oraindik, askoz ere oztopo gehiago baditu.
92,7. kilometroan, Chambaven, lasterketa Col Saint-Pantaleon igotzen hasiko da, eta horrek 109,3. kilometroan du pankarta. 1. mailako mendate horretan, % 12ra arteko aldapak daude, eta batez besteko malda % 7,2koa da. Mendatea jaitsita, 129,3. kilometroan, Col de Jouxerako igoerari ekingo diote; hori ere bada 1. mailakoa, 15 kilometro baino gehiago ditu, eta batez besteko malda % 6,9koa dauka; aldapa batzuk % 12koak dira. Horrek esan nahi du Col Saint-Pantaleon Giroko hemeretzigarren etapa honetako hirugarren mendate oso gogorra dela.
Adi, hala ere, 2. mailako Antagnod mendateari. Horren pankarta 161. kilometroan dago, hau da, helmugarako bost kilometrora eta erabakigarria izan liteke. Batezbeste, % 4,5eko malda du, eta 9,5eko ahalegina eskatuko die txirrindulariei; tarte batzuk % 11koak ere badira.
Aurreneko aldiz izango da gizonezkoen Italiako Giroa Champolucen, helmuga izango den tokian. Etapa hau bukatuta, txirrindulariei beste bi geldituko zaizkie, soilik, 2025eko Italiako Giroari amaiera emateko.
ETAPAKO PROFILA
Jarraitu 12:10ean eitb.eus-en, 14:00etan ETB4n, eta 15:00etan ETB1en.
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 19. etapa (maiatzak 30, ostirala)
Ibilbidea: Biella-Champoluc
Distantzia: 166 km
Hasiera-ordua: 12:20
Amaiera ordua: 16:57 (37 km/h) | 17:15 (35 km/h) | 17:34 (33 km/h)
Mendiko saria: Croce Serra (3. maila), 15,1. kilometroan; Col Tzecore (1. maila), 67. kilometroan; Col Saint-Pantaleon (1. maila), 109.3. kilometroan; Col de Joux (1. maila), 145,4. kilometroan; Antagnod (2. maila), 161. kilometroan