Itxi

1. etapa

1. etapa

1. etapa

Maiatzak 16, ostirala

2025eko Itzulia Womeneko 1. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Zumarraga-Agurain (148,5 km)

EITB MEDIA

Laugarren ekitaldiari hasiera emateko, aurtengo etaparik luzeena jokatuko dute. Txirrindulariak Gipuzkoan eta Araban barrena ibiliko dira, eta hiru mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte; horietako bat, Opakua, 2. mailakoa da.

  • 2025eko Itzulia Womeneko 1. etapako profila. Irudia: Itzulia Women.

    2025eko Itzulia Womeneko 1. etapako profila. Irudia: Itzulia Women.

2025eko Itzulia Womeneko lehenengo etapa maiatzaren 16an izango da jokoan, ostiralez. Lasterketa Zumarragan hasiko da, 9:31n, eta, 148,5 kilometroko ibilbidea eginda, Agurainen amaitu, 13:18tik 13:43ra bitartean. Txirrindulari parte-hartzaileek mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren hiru mendate igo beharko dituzte; horietako bat, Opakua, 2. mailakoa da, eta beste biak, Arlaban eta Azazeta, ordea, 3. mailakoak.

Hala, Itzulia Womeneko laugarren ekitaldia Zumarragako Udaletxe Plazan hasiko da, arestian esan bezala 9:31n. Tropela, jarraian, Legazpira abiatuko da, eta Oñatira gerora. 42,8. kilometroan, etapako eta aurtengo Itzuliko aurreneko mendatea igo beharko dute ziklistek: Arlaban. Igoera luzea da, 7,4 kilometrokoa baita, eta batez besteko malda % 4koa du.

Araban sartuta, lasterketa Ozaetan, Hermuan, larrean, Axpurun, Narbaizan, Gordoan, Galarretan eta Zalduondon izango da. Ordoñana atzean utzita, Agurainen, 74,4. kilometroan, eguneko lehenengo esprint berezia jokatuko dute. Handik gutxira, 83,5. kilometroan, Opakua 2. mailako mendatearen pankarta izango da; lehen etapako mendaterik gogorrena da hori: 7,1 kilometroko igoera du, eta, batezbeste, % 5,8ko malda.

Aldan izan eta gero, bigarren esprint berezia izango da jokoan, Kanpezun. Gero, lasterketa Antoñanan, Ataurin eta Maeztun ibiliko da, eta orduan igoko dute txirrindulariek Azazeta; 3. mailako mendate horrek sei kilometroko luzera du, eta % 3,4ko malda. Pankarta 126,4. kilometroan du, alegia, Aguraineko helmugara iristeko 22 kilometro geldituko direla.

Egiletan, Erentxunen eta Dulantzin txalotuko dituzte txirrindulariak etapako azken kilometroetan, eta Agurainen zehaztuko da zein ziklistak eskuratzen duen garaipena lasterketako lehen egunean; horrek, gainera, 2025eko Itzulia Womeneko aurreneko maillot horia jantziko du.

Zaleek zuzenean ikusi ahalko dute etapa; izan ere, eitb.eus-ek eta ETB1ek emango dute, 12:00etan hasita.

ETAPAKO PROFILA

2025eko Itzulia Womeneko 1. etapako profila. Irudia: Itzulia Women.

2025eko Itzulia Womeneko 1. etapako profila. Irudia: Itzulia Women.

FITXA TEKNIKOA

Etapa: 1. etapa (maiatzak 16, ostirala)

Ibilbidea: Zumarraga-Agurain

Distantzia: 148,5 km

Hasiera-ordua: 9:31

Amaiera-ordua: 13:18 (40 km/h) | 13:30 (38 km/h) | 13:43 (36 km/h)

Mendiko saria: Arlaban (3. maila), 42,8. kilometroan; Opakua (2. maila), 83,5. kilometroan; Azazeta (3. maila), 126,4. kilometroan