Itxi

1. etapa

1. etapa

1. etapa

Itzulia Women - 1. etapa

Bredewold nagusitasun handiz gailendu da Agurainen, eta bera izango da Itzuliko lehen liderra

G. P. A. | EITB MEDIA

Lehendabiziko etapa esprintean bukatu da, eta Mischa Bredewold izan da azkarrena helmugan. Anna van der Breggenek eroriko larria izan du helmugarako 8 kilometro falta zirenean.

1:07
Mischa Bredewold

Mischa Bredewoldek (SD Worx-Protime) esprintean eta nagusitasun handiz irabazi du Zumarragan hasi eta Agurainen bukatu den Itzuliko lehen etapa, eta, horrenbestez, txirrindulari herbeheretarrak jantziko du liderraren maillota bigarren etapan.

Millie Couzens (Fenix-Deceuninck) britainiarra eta Margaux Vigie (Visma-Lease a Bike) frantziarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Bestalde, Anna van der Breggenek (SD Worx-Protime) eroriko larria izan du helmugarako 7,5 kilometro falta zirenean.

Hiru taldekidek lagunduta, lasterketa amaitzea lortu du, 43 segundoko atzerapenarekin soilik, baina oso minduta, eta ematen du ezingo diola lehiatu sailkapen nagusia Demi Vollering (FDJ-Suez) iazko edizioko txapeldun eta egungo txirrindulari indartsuenari.

Etapa esprintean bukatu da, baina aurrez zenbait ihesaldi izan dira. Lehendabizikoa Morgane Coston (Roland) frantziarrak eta Gaia Segato (BePink) eta Katia Ragusa (Human Powered Health) italiarrak osatu dute. Opakua igaro eta gutxira irentsi ditu tropelak.

Helmugatik 50 bat kilometrora, Julie Van de Velde (AG Insurance-Soudal) belgikarra eta Eva van Agt (Visma-Lease a Bike) herbeheretarra joan dira ihesean. Laster egin dute minututik gorako tartea.

Alabaina, Azazetako igoeran, aldea murriztu diete, eta jaitsieran harrapatu dituzte, helmugatik 18 bat kilometrora.

Hortik aurrera, tropelean joan dira txirrindulariak bukaeraraino. Helmugatik 7,5 kilometrora izan du erorikoa Van der Breggenek. Gainerakoek aurrera jarraitu dute, eta Bredewold nagusitasun handiz gailendu da esprintean. Iaz bezala, aurten ere izan da Itzuliko lehen liderra.

2024ko edizioan bi garaipen eskuratu zituen txirrindulari herbeheretarrak, eta aurtengoan ere bide beretik doa.

ETAPAKO SAILKAPENA

1. BREDEWOLD Mischa (SD Worx-Protime) 3:52:02

2. COUZENS Millie (Fenix-Deceuninck) d.b.

3. VIGIÉ Margaux (Visma | Lease a Bike) d.b.

4. BLASI Paula (UAE Team ADQ) d.b.

5. VAN DAM Sarah (CERATIZIT Pro Cycling) d.b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1. BREDEWOLD Mischa (SD Worx-Protime) 3:51:51

2. COUZENS Millie (Fenix-Deceuninck) +0:05

3. VIGIÉ Margaux (Visma | Lease a Bike) +0:07

4. RAGUSA Katia (Human Powered Health) +0:08

5. VAN DE VELDE Julie (AG Insurance - Soudal) d.b.

6. VAN AGT Eva ( Visma | Lease a Bike) +0:09

7. SEGATO Gaia (BePink-Imatra-Bongioanni) d.b.

8. COSTON Morgane (Roland) +0:10

9. BLASI Paula (UAE Team ADQ) +0:11

10. VAN DAM Sarah (CERATIZIT Pro Cycling) d.b.