2. etapa
Maiatzak 17, larunbata
2025eko Itzulia Womeneko 2. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Ugao-Igorre (116 km)
EITB MEDIA
Jardunaldiak lau mendate puntuagarri izango ditu; horietako bat, Lamindao, 2. mailakoa. Itzuliko laugarren ekitaldiko bigarren etapan, txirrindulariak Bizkaian eta Araban ibiliko dira.
-
2025eko Itzulia Womeneko 2. etapako profila. Irudia: Itzulia Women.
2025eko Itzulia Womeneko bigarren etapa maiatzaren 17an jokatuko dute, larunbatez. Irteera Ugaon izango da, 10:24an, eta antolatzaileen aurreikuspena da irabazleak besoak altxatzea, Igorren, 13:20tik 13:40ra bitartean. Berriro ere, txirrindulariek jardunaldi gogorra izango dute; oraingoan, etapako profilean lau mendate puntuagarri izango dira: 2. mailako bat, Lamindao, eta 3. mailako hiru, Bikotxgane, Gerekizgana eta Arrieta. Horrez gain, beste kontu batek ere markatuko du etapa: jokoan izango diren bi esprint bereziak eguneko azken hogei kilometroetan egingo dituzte.
Testuinguru horretan, tropela, Ugaoko Udarriaga kaletik abiatuta, Arrankudiagan izango da, eta jarraian Araban sartu, Aretatik. Laudioko zaleek txalotuko dituzte Itzulia Womeneko parte-hartzaileak, gerora, eta lasterketa Orozkora zuzenduko da, berriro ere Bizkaian. Orduan jokatuko dute etapako lehenengo mendatea, Bikotxgane; 3. mailako mendatea da, eta, batez beste, % 4,9ko malda du, baina luzea da, zortzi kilometro baititu.
Bikotxgane jaitsita, lasterketa Artean izango da, eta segituan ekingo diote 2. mailako Lamindao igotzeari (horrek ere % 4,9ko malda du, eta zortzi kilometro). Bikotxgane 26,3. kilometroan amaituko dute, eta Lamindao 36,3.ean; hau da, hamar kilometroan, txirrindulariek bi mendate igo beharko dituzte, tartean etapako gogorrena.
Diman izanda, Itzulia Igorren izango da, alegia, etapa amaituko den herrian, eta Lemoan gerora. Zornotzan ere ikusi ahalko dute proba. 71. kilometroan, Gerekizgana 3. mendatea dago; horrek, batez beste, % 4,5eko malda du, eta 3,1 kilometroko ahalegina eskatuko die ziklistei.
Jaitsiera bukatuta, Errigoiti atzean utzirik, 3. mailako Arrieta igo beharko dute, 80,1. kilometroan. Etapako laugarren eta azken mendatea 5,3 kilometroko igoera da, % 2,2an.
Gamiz-Fikan izango dira txirrindulariak, 95,9. kilometroan Larrabetzuko esprint berezia jokatu baino lehen. Handik bost kilometrora baino gutxiagora, Zornotza atzean utzita, 110,3. kilometroan, bigarrena izango da jokoan. Sei kilometro geldituko dira azken esprint berezitik Igorreko helmugaraino; hor jakingo dugu, besteak beste, zein txirrindularik eskuratzen duen eskubidea 2025eko Itzulia Womeneko hirugarren eta azken etapan maillot horia janzteko.
Jarraitu etapa, zuzenean, 12:00etatik, eitb.eus-en eta ETB1en.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 2. etapa (maiatzak 17, larunbata)
Ibilbidea: Ugao-Igorre
Distantzia: 116 km
Hasiera-ordua: 10:24
Amaiera-ordua: 13:20 (40 km/h) | 13:30 (38 km/h) | 13:40 (36 km/h)
Mendiko saria: Bikotxgane (3. maila), 26,3. kilometroan; Lamindao (2. maila), 36,3. kilometroan; Gerekiz (3. maila), 71. kilometroan; Arrieta (3. maila), 80,1. kilometroan