2. etapa
Itzulia Women
Bredewoldek lider sendoa dela erakutsi du, bigarrenez jarraian irabazita
G. P. A. | EITB MEDIA
Mischa Bredewold liderra izan da azkarrena Igorreko helmugan ere. Horrela, txirrindulari herbeheretarrak bigarren garaipena lortu du jarraian. Usoa Ostolaza gipuzkoarrak seigarren postuan bukatu du bigarren etapa.


Mischa Bredewold (SD Worx) herbeheretarrak erakutsi du oraingoz behintzat bera dela txirrindularirik indartsuena aurtengo Itzulian. Ostiralean, lehendabiziko etapan, nagusitasun handiz irabazi zuen esprintean, eta gaur ere bera izan da azkarrena Igorreko helmugan.
Liane Lippert (Movistar) alemana eta Soraya Paladin (Canyon) italiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Usoa Ostoloza (Laboral Kutxa) zarauztarrak, berriz, seigarren tokian amaitu du Ugao eta Igorre artean lehiatu den 116 kilometroko etapa.
Bukaeran emozio handia izan da. Mugimendu asko egon dira azken 15 kilometroetan, baina Silke Smulders (Liv-AlUla-Jayco), Rosita Reijnhout (Visma) eta Mareille Meijering (Movistar) herbeheretarrak iritsi dira lasterketaren buruan Igorrera, 20 segundoko tartearekin.
Demi Volleringen taldeak erritmoa areagotu du, eta tropelak azken kilometroan irentsi ditu Smulders eta Reijnhout. Meijeringek, berriz, aurrera jo du, eta helmugarako 500 metroren faltan harrapatu dute.
Igorreko helmugan, Bredewold izan da, beste behin, tropeleko azkarrena, eta nagusitasunez irabazi du bigarren etapa. Iazko edizioan ere, lehendabiziko bi etapak irabazi zituen, eta azken jardunaldian galdu zuen maillot horia, Volleringen mesedetan.
Ikusteko dago bihar, Donostian jokatuko den azken etapan, zer gertatzen den, baina, gaur-gaurkoz, txirrindulari herbeheretarrak erakutsi du lider sendoa dela.
Bestalde, Anna Van der Breggenek (SD Worx) lasterketa utzi du, atzoko erorikoaren ondorioz. Gaurko etapan ez da atera, eta etxerako bidea hartu, ahalik eta arinen sendatzeko asmoz.
ETAPAKO SAILKAPENA
1. BREDEWOLD Mischa (SD Worx) 3:08:19
2. LIPPERT Liane (Movistar) d.b.
3. PALADIN Soraya (CANYON) d.b.
4. VAN DAM Sarah (CERATIZIT) d.b.
5. VIGIÉ Margaux (Visma | Lease a Bike) d.b.
6. OSTOLAZA Usoa (Laboral Kutxa) d.b.
7. VAN ANROOIJ Shirin (Lidl-Trek) d.b.
8. SWINKELS Karlijn (UAE) d.b.
9. CIABOCCO Eleonora (Picnic PostNL) d.b.
10. TON Quinty (Liv AlUla Jayco) d.b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. BREDEWOLD Mischa (SD Worx) 7:00:00
2. LIPPERT Liane (Movistar) +0:12
3. VAN DE VELDE Julie (AG Insurance-Soudal) +0:15
4. VIGIÉ Margaux (Visma | Lease a Bike) +0:17
5. PALADIN Soraya (CANYON) d.b.
6. VOLLERING Demi (FDJ - Suez) +0:19
7. VAN AGT Eva (Visma | Lease a Bike) d.b.
8. MIERMONT Dilyxine (CERATIZIT) d.b.
9. SEGATO Gaia (BePink - Imatra - Bongioanni) d.b.
10. JASKULSKA Marta (CERATIZIT) +0:20