Txirrindularitza
Espainiako Txapelketa
Bost zilar eta brontze bat euskal txirrindularitzarentzat Espainiako erlojupeko txapelketan
I. G. | EITB
Elite mailan, 23 urtez azpikoetan eta junior kategorian igo dira euskal ziklistak podiumera.
-
Usoa Ostolaza bigarren izan da Elite mailan. Argazkia: @RFECiclismo
Ostiral honetan Granadan jokatu den Espainiako erlojupeko txapelketan, euskal txirrindulariek zilarrezko bost domina eta brontzezko bat eskuratu dituzte, maila ezberdinetan.
Elite mailan, Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) gipuzkoarrak zilarrezko domina eskuratu du, lasterketa bigarren amaitu ondoren, Mireia Benito txapeldunak baino 1 minutu eta 13 segundo gehiago baliatuta ibilbidea osatzeko.
23 urtez azpiko mailan, Unai Ramos (Finisher-Kern Pharma) tuterarrak ere zilarrezko domina lortu du gizonezkoen lasterketan, bigarren amaitu baitu, Adrian Fajardo txapeldunarengandik 1 minutu eta 28 segundora.

Unai Ramos. Argazkia: @RFECiclismo
Emakumezkoen lasterketan, Laia Puigdefabregas (Vipeq Team) nafarra ere bigarren izan da, Paula Blasiren atzetik sailkatuta, eta zilarrezko domina eskuratu du.

Laia Puigdefabregas. Argazkia: @RFECiclismo
Azkenik, junior mailan ere, saria egon da, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Gizonezkoetan, Ibai Villate (Alimco - Campagnolo) bizkaitarrak eta Luca Martinez (GT Tolosa/Danena) nafarrak zilarrezko eta brontzezko dominak lortu dituzte, hurrenez hurren. Benjamin Noval txapeldunak bakarrik gainditu ditu biak.
Emakumezkoen lasterketan, berriz, Paula Ostizek (Cafe Baque) zilarrezko domina eskuratu du, Alejandra Neira taldekideak baino 14 segundo gehiago behar izan baititu helmugara iristeko.

Paula Ostiz. Argazkia: @RFECiclismo
Larunbat honetan, errepideko lasterketak jokatuko dira.