Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Txapelketa

Usoa Ostolazak brontzea lortu du Espainiako Txapelketako errepideko proban

G. P. A. | EITB Media

Laboral Kutxako txirrindularia Sara Martin eta Mavi Garciaren atzetik sartu da. Ane Santesteban erori egin da, lasterketaren buruan zenean, eta bosgarren tokian bukatu du proba.

1:14

Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) txirrindulari zarauztarra bikain aritu da asteburu honetan Granadan lehiatu den Espainiako Txapelketan: ostiralean zilarra lortu zuen erlojuaren kontrako saioan, eta gaur brontzea bereganatu du errepideko proban.  

Sara Benito (Movistar) nagusitu da, esprintean Mavi Garcia (Liv AlUla Jayco) menderatuta. Ostolaza hirugarren helmugaratu da, garailearengandik minutu bat eta 13 segundora.

Lasterketako beste protagonista nagusia Ane Santesteban (Laboral Kutxa) izan da. Errenteriarrak tropeletik ihes egin du, helmugarako 48 kilometro falta zirenean, eta lasterketaren buruan bakarka zihoanean, erorikoa izan du mendate baten jaitsieran, helmugatik 15 kilometrora.

Atzetik, Usoa Ostolaza taldekideak, Sara Martinek, Mavi Garciak eta Mireia Benitok osatutako taldetxoa zetorren, eta laster gainditu dute Santesteban.

Hala ere, gipuzkoarrak berriro hartu du bizikleta, eta, indar erakustaldia eginda, aurreko laukotearekin bat egitea lortu du. Beste eraso bat ere jo du, baina ezin izan ditu bigarrenez atzean utzi. Azkenean, meritu handiko bosgarren postuan bukatu du lasterketa.