Itxi

Txirrindularitza

Mendi bizikletako txapelduna

Iñaki Lejarreta txirrindularia auto batek harrapatuta hil da Iurretan

Erredakzioa

Iñaki Lejarreta Espainiako Mendiko Bizikletako txapeldun ohia zendu da auto batek Iurretan harrapatu ostean.

03:09
Iñaki Lejarreta hil da istripu batean

Iñaki Lejarreta 29 urteko txirrindularia hil da gaur goizean. Mendi bizikletako Espainiako txapeldun ohia auto batek harrapatu du N-634 errepidean, Iurretan (Bizkaia), Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Istripua 9:30 aldera jazo da. Berrizko txirrindularia Bilboko noranzkoan zihoan eta Renault Clio auto batek harrapatu du. Ertzaintza gertakariaren nondik norakoak ikertzen ari da.

Marino Lejarreta txirrindulariaren loba bi anbulantzik artatu dute eta suspertzen saiatu dira, baina biktimaren heriotza baieztatu behar izan dute.

Ibilbidea

1983ko irailaren 1ean jaio zen eta Orbea taldean igaro ditu denboraldi asko. Hala ere, 2013an Orbea desagertu eta Lejarreta talderik gabe geratu zen.

Junior mailan munduko azpitxapelduna izan zen Sierra Nevadan (2000). Team Realyn munduko txapelduna izan zen urte berean, Roberto Lezaun, Jose Antonio Hermida eta Marga Fullanarekin batera. Urtebete geroago elastiko ortzadarra lortu zuen Vailen. 23 urtez azpikoetan Europako azpitxapelduna izan zen, baina 2004ko Munduko Txapelketan podiuma zapaltzeko zorian geratu zen.

Gorengo mailan zorte txarra izan zuen Lejarretak. Hala ere, Val di Soleko Munduko Txapelketan (2008) zortzigarren sailkatu zen eta Pekingo Olinpiar Jokoetan diploma olinpikoa lortu zuen. Londreseko Olinpiar Jokoetan ez zuen parte hartzeko aukerarik izan, lesionaturik zegoelako.

Errepidean ere ibili zen. Lejarretak Lisboako Munduko Txapelketan, 2001ean, erlojupekoa jokatu zuen junior mailan.