Txirrindularitza
Lesionatuta
Denis Menchovek txirrindularitza utziko du
Erredakzioa
Italiako Giroko eta Espainiako Vueltako txapeldunak txirrindularitza profesionala utziko duela adierazi du, belauneko lesioa dela eta.
-
Denis Menchov. Artxiboko argazkia: EFE
Denis Menchov errusiarrak (Katusha) txirrindularitza profesionala utziko duela adierazi du, belauneko lesioa dela eta. Menchovek 2013ko Italiako Giroan parte hartzeko asmoa zuen, baina belauneko lesioa ez du hobera egin, eta txirrindularitzari agur esatea erabaki du, Errusiako R-Sport egunkariarentzako egindako elkarrizketan.
Bere ibilbidean, 2007ko Espainiako Vuelta eta Italiako Giroa irabazi ditu 35 urteko errusiarrak. "Nire helburu handia aurten Italiako Giroan parte hartzea zen; ez dut egin, eta txirrindularitzari agur esatea erabaki dut", esan du Denis Menchovek.
Vueltan eta Giroan lortutako garaipenez gain, 2010eko Frantziako Tourrean bigarren izan zen, eta 2008koan hirugarren. Frantziako itzulian etapa bakarra irabazi du, Giroan bi, eta Vueltan bost.
Iruñean urte asko pasa izan ditu Menchovek, bere aurreneko taldeak Banesto (2000-2003), eta Islas Baleares (2004-2005) izan baitziren. Ondoren, Rabobanken (2005-2010), Geoxen (2011), eta Katushan izan da.