Txirrindularitza
Larunbatean
Contador, Valverde eta Quintana aurrez aurre, Donostiako Klasikoan
L.E.
Luxuzko partehartzea izango du aurtengo edizioak eta, ohi bezala, Jaizkibeleko gaina erabakigarria izango da. ETB1ek eta eitb.comek zuzenean emango dute lasterketa 15:00etatik aurrera.
-
Nairo Quintana (zuriz) eta Alejandro Valverde. Efe.
Alberto Contador, Alejandro Valverde, Richie Porte edo Nairo Quintana dira, besteak beste, aurtengo Donostiako Klasikoan parte hartuko duten izen handiak. Lasterketa larunbatean lehiatuko da, eta eitb.comek eta ETB-1ek zuzenean emango dute.
Faborito nagusien artean, Philippe Gilbert 2011ko irabazlea, Alejandro Valverde bera (2008an gailendu zen), Roman Kreuziger 2009ko azpitxapelduna eta Simon Gerrans 2012koa daude. Hala ere, Nairo Quintana eta Richie Porte eskalatzailek ere gogor lehiatuko dira; goi-mailako ikuskizuna bermatuta dago, beraz.
Joaquim Rodriguezek azken orduan erabaki du Donostiako Klasikoan parterik ez hartzea, izan ere, Espainiako Vuelta da orain bere helburu nagusia eta Katushako txirrindulariak atseden hartu nahi du.
Alberto Contadorrek, aldiz, ostiral honetan bertan iragarri du Donostian izango dela, goizean Twitterren idatzitako mezu baten bidez.
Ibilbidea
Txirrindulariek 234 kilometro egingo dituzte. Ibilbideko bigarren zatian Jaizkibel eta Arkale igo beharko dituzte (biak birritan) eta lasterketa igoera horietan erabaki daiteke.
Igoerak: Orio (3. mailakoa) 19. kilometroan, Garate (2. mailakoa) 29,4. kilometroan, Jaizkibel (1. mailakoa) 156,2 eta 196,2. kilometroetan, eta Arkale (2. mailakoa) 179 eta 219. kilometroetan.