Txirrindularitza
Munduko Txapelketa
Castroviejo, 'pozik gertu egoteagatik'
Erredakzioa
Getxoko txirrindulariak argi utzi du helburu nagusia hamar onenen artean sailkatzea zela, baina onenenekin gertu egoteagatik pozik dagoela onartu du.
-
Jonathan Castroviejo. Argazkia: EFE
Jonathan Castroviejok hamalaugarren postua eskuratu du Florentziako Munduko Txapelketako erlojupekoan. Getxoko txirrindulariak helburua aurreneko hamarren artean sailkatzea zela onartu du, baina "gertu egoteagatik pozik" dagoela adierazi du.
"Ibilbide honekin pisu gutxiago dugun txirrindulariok, Porte eta Kwiatkowski adibidez, ia esfortzu bikoitza egin behar dugu, baina gertu egon gara. Nire helburua hamar onenen artean sailkatzea zen, baina gertu egon naiz eta pozik nago", esan du bizkaitarrak.
Igandean, errepideko proban, dena ezberdina izango dela onartu du. "Nire lana ezberdina izango da. Alejandro Valverderen eta ‘Purito’ren ondoan egon beharko dut. Nik aurreneko 200 kilometroetan egingo dut lan. Lehenengo 100 kilometroak nahiko lauak dira, eta hor lan gogorra egin beharko dugu", azaldu du Jonathan Castroviejok.