Txirrindularitza
Aurkezpena jendaurrean
Caja Rural-RGAk 2014ko taldea aurkeztu du Iruñean
Erredakzioa
Baluarten aurkeztu dute Nafarroako txirrindulari taldea jendaurrean, txirrindulari, zuzendari eta babesleak bertan zirela.
Caja Rural-Seguros RGA Nafarroako publikoaren aurrean aurkeztu zuten ostegunean, Baluarten (Iruñea). Ekitaldian, txirrindulariak, zuzendariak, babesleak, agintariak eta zaleak egon ziren. Txirrindulari taldea "proiektu sendoa eta etorkizunez betea" da tropel profesionalean, Caja Ruraleko Ricardo Goñiren hitzetan.
Taldeko presidenteak, Fernando Esquisabelek, ezin izan zuen ekitaldira joan, orain dela gutxi ebakuntza egin diotelako. Juanma Hernandez managerrak Esquisabelek txirrindularitza babesten eman dituen 20 urteak eskertu zizkion, eta zaleei deia egin zien: "Espero dut denok Aralarko San Migelen ikustea, elastiko berdearekin, banderekin eta gure txirrindulariak babesteko prest. Ziur nago horrela izango dela".
Caja Rural-RGAk aurten ere gazteak prestatzearen alde egingo du, amateur taldearen bidez eta harrobiko taldeei laguntza ematen. Lehenengo taldea, aldiz, eguneko protagonista izango da. Denboraldi honetan, Amets Txurruka, David Arrojo eta Luis Leon Sanchez fitxaketa berria izango dira taldean. Beteranoekin batera, gazteak izango dira izarrak; Ruben Fernandez, Pello Bilbao, Omar Fraile, Angel Madrazo, Francesco Lasca, Fernando Grijalba eta Antonio Molina, besteak beste.