Txirrindularitza
12. etapa
Uranek erlojupekoa irabazi du, eta lider jarri da
Mikel Dominguez
Omega Pharma-Quick Step taldeko kolonbiarrak kolpe handia eman du, eta Italiako Giroaren sailkapeneko buruan jarri da, Cadel Evansetik 37 segundora.
Rigoberto Uranek (Omega Pharma-Quick Step) garaipen izugarria eskuratu du Italiako Giroan: nagusitasunez irabazi du 12. etapako erlojupekoa, eta Cadel Evansi 37 segundo aterata, maglia rosa eskuratu du. Erlojuaren kontrako banakako borrokak Barbaresco eta Barolo lotu ditu, 41,9 kilometroko etapan.
Diego Ulissik (Lampre-Merida) behin behineko irabazlearen eserlekutik ikusi du etapako zati handi bat, baina bigarren geratu da azkenean, kolonbiarrarengandik 1' 17''-ra. Cadel Evansek (BMC) osatu du podioa, 1' 34''-ra, eta Rafal Majka (Tinkoff-Saxo) australiarra baino 5 segundo beranduago helmugaratu da, eta hirugarren jarri da sailkapen orokorrean.
"Laugarrena izan nintzen Romandiako erlojupekoan, baina garaipen hau izugarria iruditzen zait", esan du Omegakoak. Kolonbiarra Froome, Martin eta Sergenten atzetik geratu zen.
Rigoberto Uranek sailkapen orokorrean alde polita duela egingo dio aurre mendiko etapei. Erlojuaren kontrako hobekuntza handiak bere taldearen liderra izatera eraman du, Skyn ez bezala. Froome eta Wigginsen luxuzko morroia zen.
Domenico Pozzovivo (Ag2r) laugarren geratu da sailkapen orokorrean, 2' 29''-ra. Nairo Quintana (Movistar) ez da ondo irten etapatik, eta 3' 29''-ra du liderra.
12. ETAPAKO SAILKAPENAK