Txirrindularitza
Martxoaren 22tik 28ra
Kataluniako Volta: Schleck anaiak, Menchov eta Voigt, faborito
Erredakzioa
Europako klasiko handienen artean sartuta, eta ez maiatzean Italiako Giroarekin batera, Voltak txirrindulari handiak bilduko ditu bere errepideetan.
Contador, Valverde -2009an irabazle- eta Samuel Sanchez izango ez badira ere, beste txirrindulari on askok parte hartuko dute. Schelck anaiei, Denis Menchovi eta Jens Voigti Lance Armstrongen RadioShack talde berria gehituko zaie. Andreas Kloden, Levi Leipheimer eta Haimar Zubeldia eramango ditu talde estatubatuarrak Voltara.
Ivan Basso ere arituko da, Liquigas taldearen buru. Roman Kreuziger taldekidea ere faboritoen zerrendan agertzen da.
Mark Cavendish (HTC Columbia) ez da Volta irabazteko hautagaien zerrendan agertzen, baina esprinten erregea izateko aukerak ditu britainiarrak. Tourrean erdietsitako hamar garaipenek eta Giroko bostek ekitaldi honetako esprinter onena izateko argudio sendoak dira.
Data aldaketak Pirinioetako etaparik gabe utziko du Volta, mendate handiak elurtuta baitaude. Horregatik, mendate handirik gabeko ibilbidea izango du lasterketak, ordekako espezialistentzat, esprinterrentzat eta etapa ehiztarientzat ibilbide aproposagoa.
Lasterketa Lloret de Marren hasiko da, 3,6 kilometroko atarikoarekin. Hirugarren etapatik aurrera emango zaio astindua lasterketari, Seu d''Urgellen amaituko den etapan (185,9 kilometro), lau mendateekin eta helmugarako jaitsiera biziarekin.
Laugarren eta bosgarren etapek ere zer esana emango dute. Laugarrenean Alt de la Figuera igoko dute, eta bosgarrenean Montjuic hirutan.
Lasterketa martxoaren 28an amaituko da Kataluniako Zirkuituan, etapa lau baten ostean.
Etapak
1 Lloret de Mar-Lloret de Mar (Bakarkako erlojupekoa) 3''6
2 Salt-Banyoles 182''6
3 La Vall d''en Bas-La Seu d''Urgell 185''9
4 Oliana-Ascó 209''7
5 Ascó-Cabacés 181''2
6 El Vendrell-Barcelona 161''9
7 CAR Sant Cugat-Circuit Catalunya 161''9.
Parte hartuko duten taldeak: AG2R La Mondiale (FRA), Astana (KAZ), Caisse D''Epargne (ESP), Euskaltel-Euskadi (EUS), Footon-Servetto (ESP), Française des Jeux (FRA), Garmin (USA), Lampre (ITA), Liquigas (ITA), Lotto (BEL), Quickstep (BEL), Rabobank (HOL), Sky (GBR), HTC Columbia (USA), Katusha (RUS), Milram (ALE), RadioShack (USA), Saxobank (DIN), Andalucía-Cajasur (ESP), Cervélo (SUI), Cofidis (FRA) eta Xacobeo (ESP).