Itxi

Txirrindularitza

Lasterketa polita

Amstel Gold Race: Gilbert triptikoaren aurrenekoa irabazi du

Erredakzioa

Lottok belgikarrak Caubergen erasoa jo du eta indar erakustaldia emanda Ardeetako Triptikoaren lehenengo saioa irabazi du.

Philippe Gilbert txirrindulariak Amstel Gold Race Ardeetako Triptikoaren aurreneko klasika irabazi du, Caubergen egindako eraso erabakigarri bati esker, Valeknburgen amaitu den lasterketan.

Islandiako errauts-hodeiak izar asko kendu dizkio Holandako klasika handiari. Alejandro Valverde, Luis Leon Sánchez, Carlos Sastre eta Fabian Cancellara ez dira abiatu. Holandarrek eta belgikarrek hartu behar izan dute erantzunkizuna.

Lasterkariei alkoholemia-kontrola egin zioten poliziek lasterketa hasi baino lehen. Harritzekoa garagardo marka batek babesten duen kirol-ekitaldi batean.

Ibilbidearen azken zatian, taldeen jardunak baliorik ez duen tarte horretan, bakarkako erasoak behin eta berriz gertatu dira. Damiano Cunego, Frank Schleck, Philippe Gilbert eta Alexander Kolobnev tartea zabaldu dute helmugarako 15 kilometro falta zirenean, baina ez dute elkar ulertu.

Epaia Caubergeko harresiak emango zuen. 31 harresietako azkena, kilometro bateko %12 aldapa duena, epaile. Gilbertek erasoa jo du eta erabakigarria izan da erasoa. Aurkariek belgikarraren nagusitasuna begiratu besterik ezin izan dute egin.