Itxi

Txirrindularitza

Bosgarren etapa

Adam Yatesek Filottranon irabazi du, eta Kwiatkowski da Tirrenoko lider berria

Agentziak | Erredakzioa

Mikel Landa zazpigarren sartu da helmugan, eta sailkapen nagusian hirugarren postuan dago; txirrindulari poloniarrak 23 segundoko aldea du murgiarrarekin.

2:33

Scott taldeko Adam Yates britainiarrak irabazi du igande honetan Tirreno-Adriatikoaren bosgarren etapa; Castelraimondo eta Filottrano herrien artean jokatu dute, eta 178 kilometro izan ditu. Michal Kwiatkowski Sky taldeko poloniarra jarri da sailkapen nagusiko lehen postuan; Mikel Landa zazpigarren tokian sartu da helmugan, eta sailkapen nagusian hirugarren dago, 23 segundora.

Yatesek etapa amaitzeko 3 kilometro falta zirela ihes egin du, eta garaipena lortu du, 4 ordu, 16 minutu eta 35 segundoko denborarekin; Peter Sagan munduko txapelduna izan da bigarrena (Bora taldekoa da Sagan), eta Kwiatkowski izan da hirugarrena.

Lasterketa oso hunkigarria izan da igande honetan egindakoa; izan ere, Tirreno-Adriatikoaren antolatzaileek Filottrano herrian kokatu dute helmuga, alegia, Michele Scarponiren herrian (2017ko apirilaren 22an hil zen txirrindulari italiarra, zirkulazio-istripuan). Ehunka zale joan dira bertara, Astana taldeko txirrindularia omentzea xede, eta horren gaineko argazkiak eta pankartak erakutsi dituzte; Tirreno-Adriatikoa ere irabazi zuen Scarponik, 2009an.

Adam Yates indartsu iritsi da Filottranoko azken igoerara, eta ez die aukerarik eman aurkariei; Saganek, Kwiatkowskik eta Mikel Landak (Movistar) ahalegina egin dute, baina ezin izan dute Yates harrapatu.

Murgiarra hirugarren postuan dago; lider berriak 23 segundoko aldea ateratzen dio orain. Damiano Caruso da bigarrena, hiru segundora.