Itxi

Txirrindularitza

Behin-behineko zigorra

UCIk Roson zigortu du pasaporte biologikoan izandako kontrako emaitza bategatik

Agentziak | Erredakzioa

Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak behin-behineko zigorra ezarri dio Jaime Rosoni (Movistar), 2017an, Caja Rural taldean zegoenean, pasaporte biologikoan emaitza desegokia eman baitzuen.

  • Jaime Roson. Argazkia: Team Movistar

    Jaime Roson. Argazkia: Team Movistar

Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak (UCI) behin-behineko zigorra ezarri dio Jaime Roson Movistar taldeko txirrindulariari, 2017ko urtarrilean pasaporte biologikoan izandako kontrako emaitza bategatik, Movistar taldeak ostegun honetan zabaldutako komunikatu batean jakinarazi duenez.

Movistarrek adierazi duenez, asteazken arratsaldean jaso zuen taldeak UCIren mezua, eta txirrindulariaren pasaporte biologikoko gorabehera hori “Movistar taldean sartu baino ia urtebete lehenago” atzeman ziotela gaineratu du.  Caja Rural taldean zegoen orduan. "Txirrindularia 2018an gure taldean sartu denetik, horren jarrera, analitika eta pasaporte biologikoko baloreak ezin hobeak izan dira", azaldu du Movistarrek.  

Taldearen arabera, Movistarrek bere laguntza osoa eskaini dio txirrindulariari gertatutakoa zergatik gertatu den argitzen saiatzeko, eta ebazpena onartzen duela esan du, “UCIren araudia betetzen eta ulertzen duelako”. “Movistarrek txirrindularitzaren sinesgarritasuna eta joko garbia babesten ditu, eta, UCIren dopinaren aurkako araudia betez, gure taldeak txirrindulariarekin duen lan harremana eten du, behin-behinean”, gaineratu dute bertan.