Itxi

Txirrindularitza

Donostiako Klasikoa

EiTBren sistema batek Klasikoko txirrindularien jarraipena egitea ahalbidetuko du

Agentziak | Erredakzioa

San Sebastian Region Klasikoko 154 txirrindulari bakoitzak transmisore bat eramango du, eta hark biltzen duen informazio oro web bidez kontsultatu ahal izango da.

1:15

Donostiako Klasikoan transmisore bat eramango dute 154 txirrindulariek. Horrela, San Sebastian Region Klasikoaren segurtasuna eta txirrindularien jarraipena indartuko ditu.

Maite Iturbek, EiTBko zuzendari nagusiak, eman du berrikuntza hori ezagutara. Geolokalizazioak ahalbidetuko du, beste funtzioen artean, "lasterketaren zuzeneko jarraipena hobetzea, proba osoan zehar txirrindulari guztien kokapen zehatza jakingo baita. Transmisore horrek biltzen duen informazio guztia eitb.eus webgunean zein Klasikoaren webgunean egongo da ikusgai edozein erabiltzailek bertan kontsulta ditzan.

Iturbek gogorarazi duenez, guztiek transmisore bat izatea "berritasun handia" da, Espainiar Estatuan egingo den lehenengo aldia izango baita, "eta, baliteke, Europa osoan".

Eneko Goia, Donostiako alkatea, eta Denis Itxaso, Gipuzkoako Kirol diputatua, ekitaldian egon dira. Itxasok "Donostia marka sustatzeko" garrantzia nabarmendu du, "lurralde osoarentzat eta turismoarentzat, emankizun hau milaka pertsonak ikusten dutelako eta hona datozen turistentzat erakargarria delako".

Valverde, hirugarrenaren bila

Kirol arloari dagokionez, antolakuntzak tropeleko izen garrantzitsuak abuztuaren 4an Donostian izango direla baieztatu du. Tartean, Alejandro Valverde (Movistar). Irabazten badu, Marino Lejarretaren marka berdinduko luke, hiru garaipenekin.

Murtziako txirrindulariak ez du erraz izango. Frantziako Tourrean bi etapa irabazi dituen Julian Alaphilippe ere bertan izango da, oso momentu onean. Tony Gallopin; Bauke Mollema eta Primoz Roglic dira beste izen batzuk.

Ibilbidea gogorra izango da: 228 kilometro eta 4.000 metroko desnibela. Mendate bat igoko dute helmugatik oso gertu (Murgil Tontorra), eta erabakigarria izan daiteke.

2019, emakumezkoen lasterketa

Datorren urteko abuztuaren 3an emakumezkoen Donostiako Klasiko bat egoteko lanean dago antolakuntza. UCI Women’s World Tourren barruan legoke, txirrindulari onenak erakartzeko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena